GARA > Idatzia > Kultura

UPN-PSNk euskarazko komunikabideak desagertzeko zorian jarri dituela salatu dute

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Heldu den urteari begira, aurrekontuetan orain arte ematen zizkien diru laguntzak kentzeko erabakiarekin, Nafarroako Gobernuak herrialdeko euskarazko komunikabideak desagertzeko zorian utzi dituela salatu zuten atzo Topaguneko eledun Oskar Zapatak eta Ainhoa Urretagoienak eta Joxean Irigoienek, hurrenez hurren, Sakanako Bierri elkarteko eta Ttipi-Ttapako ordezkariek.

Datorren urterako diru laguntzak kentzeaz gain, aurtengoak ere murriztu dituztela salatu zuten. Izan ere, 2011ko bigarren epealdiko laguntzaren %35a ez dutela jasoko esan diete. «Ondorioz, hedabideok zailtasun larriak izango ditugu konprometituko gastuei aurre egiteko», azaldu zuten.

Euskarazko komunikabideei bideratutako diru laguntzak kendu badituzte ere, Nafarroako Gobernuak 2.450.000 euroko aurrekontua du datorren urtean gaztelania hutsez aritzen diren Canal 4, Canal 6 eta Popular Television telebistei emateko.

Aurten ere 3.000.000 euro eman die Nafarroako Gobernuak hiru telebista horiei, euskaraz ari diren hamaika komunikabideen artean 300.000 euro banatu behar izan dituztelarik. Heldu den urtean hori ere ez dute izanen.

Publizitate instituzionalaren %99 gaztelaniazko komunikabideetan paratzen dela ere salatu zuten, nahiz eta euskarazko komunikabideek eskualde askotan jarraipen handia duten.

Banaketa horrek egoera larrian jartzen ditu Nafarroako euskarazko komunikabideak, baita bertan aritzen diren 56 lagunen lanpostuak ere.

Komunikabide batzuen alde eta besteen aurka aritzeaz gain, Nafarroako Gobernuak euskara babesteko betebeharra ez duela betetzen gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo