GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

Fanon gaur

Lan kontuak tarteko, Frantz Fanonen «Peau noir, masques blancs» eta «Les damnés de la terre» gainbegiratzen pasa dut astea, memoria freskatu nahian, aitapontekotzat jotzen dudan pentsalariaren (izan ere, Fanonek ireki zizkidan gaur egun «nire» egin dudan ikerketa lerroaren ateak: ikasketa postkolonialak) esanak hitzez hitz atxikitzeko asmoz. Ezen, Fanonen esanek ez naute inoiz utzi, baina esaldi pare bat kenduta (postkolonialistok errepikatu ohi ditugun esaldi berberak, klixe bihurtzeraino, eta kritika modura diot hori) aipatu liburuen mamia neure hitzetara, neure unibertsora itzuli nituen aspaldi.

Baina asteon, zorroztasun akademikoak eta, neurri batean, nostalgiak ere bultzatuta, Fanonen ahotsa entzuteko gogoa piztu zait.

Irakurketak bukatuta, aurkezpenari ekiteko ordua iritsi da. Luze aritu gara Fanon eta Hegel, Hegel eta Nietzsche, Nietzsche eta Fanon eztabaidatzen. Aspaldiko kontuak, aspaldiko ideiak eman dezaketen horiek gaurkotasun handia dutela esan beharrik ez dago. Manisha Basu irakasleak «udaberri arabiarra» izena jaso duten herrialde arabiar zenbaitetan jazotako gertakariak ekarri ditu gogora; gertakariak nola hasi ziren kontuan hartuta Fanonen lanak irakurlerik izan baduela esan du.

Oraindik ez dago argi zein izango den udaberriaren fruitua, baina espekulaziorako datu batzuk izan baditugu jadanik. Fanon irakurri arren, udaberri arabiarreko bultzatzaileek Martinikakoarentzat giltzarri zen datu bati ez diote behar bezala erreparatu: nekazari-mugimenduak gidatu behar zuen iraultza, baina apenas nekazaririk ez da telebista irudietan agertu ohi diren manifestarien artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo