Heineken Kopa
Biarritzi iritsi zaio duen onena erakusteko garaia
Lapurtarrek Saracens taldearen aurka jokatuko dute Agileran, eta gaur ere garaipenik lortzen ez baldin badute, final-laurdenetan izateko aukerak nabarmen gutxituko zaizkio talde zuri-gorriari.
Jon LEUNDA
Ligan gaizki, eta Europan ere galduz hasi zen Biarritz, lehen norgehiagokan porrot egin baitzuen pasa den igandean. Gaur beste aukera bat izango du, baina lehiaketa hau oso laburra da, eta bigarren huts batek dezente murriztuko lizkioke final-laurdenetan izateko aukerak.
14.30ean hasiko da Agileran Biarritzek Sarecensen aurka jokatuko duen norgehiagoka. Multzoko aurkaririk gogorrena izango du gaur aurrez aurre talde zuri-gorriak. Sailkapenean lehen postuan doa, bost punturekin, lehen jardunaldian garaipena eta erasoko puntua ere batu baitzituen.
Pasa den astean, Munduko Txapelketan aritutako jokalari guztiak jokatzeko moduan izan zituen talde lapurtarrak, eta beraiekin hobera egin zuen, baina ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan. Gaur horrela izatea espero da, bestela lehen postua eskuratzea ia ezinezkoa izango litzateke, eta bigarrenak ez du segurtatzen final-laurdenak jokatzeko txartela.
Bestetik, Coetzeek, Biarritzek duen kapitainetako batek, errugbia utzi egingo duela iragarri du. Osasun arazo batzuk izan ditu, eta sendagileek goi mailako kirola uzteko gomendioa egin omen diote, eta erabaki hori hartu du berak.
Amlin Challenge
Herenegun gauean jokatu zuen Avironek Amlin Challengeko bigarren partida, eta zuri-urdinek lehiaketa honetako bigarren garaipena erdietsi zuten, Bordeleri 20-3 irabazita. Hala ere, Baionakoek ezin izan zuten erasoko puntua batu, entsegu bakarra egin baitzuten, Haareren eskutik. Boyetek zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta Bouillonek hiru, eta transformazio bat ere lortu zituen. 10.200 ikusle izan ziren Jean Dauguer estadioko harmailetan norgehiagoka ikusten.