GARA > Idatzia > Kultura

Magia sendagai bihurtu duen Kevin Spencer Arriagan izango da

Magia ikuskizun ezohikoa eskainiko du Kevin Spencerrek bihar Bilboko Arriaga antzokian. Magia tratamenduak arintzeko eta hobetzeko sendagai bihurtu duen magoak emanaldi koloretsu eta ikusgarria agindu du. Datorren igandean Donostiako Kursaalen izango da.

p048_f03_97x188.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Adreiluzko horma bat eta helize erraldoi bat martxan dela zeharkatzeko asmoa dauka Kevin Spencer mago estatubatuarrak bihar Bilbon eskainiko duen emanaldian. Arriaga antzokian, 19.00etatik aurrera, bere emaztearekin batera eskainiko duen ikuskizuna «guztiz ezohikoa» izango dela aurreratu zuen atzo. «Magia emanaldiak normalean ilunpetan egiten dira, giro hotza transmititzen dute. Guk kolorez, musikaz eta umorez jantziko dugu antzokia», esan zuen. Magia eta antzerkia uztartzen dituzte, eta jendearen parte-hartzearekin osatuko dute showa.

Egingo dituzten trukuen artetik bi ikusgarrienak aipatu zituen atzo Spencerrek. Adreiluzko horma zeharkatzearena Harry Houdini mago famatuak egiten omen zuen XIX. mendean Broadwayko antzokietan. Azken aldiz pasa den mendeko 40ko hamarkadan egin omen zen, eta ordutik ez da inor gehiago saiatu. Bestalde, haizagailu industrial erraldoi bat zeharkatuko du helizeak martxan dituela.

Magia bidezko terapiak

Spencerrek, auto istripu bat izan ostean, urtebetez errehabilitazio ariketak egin behar izan zituen eta «oso-oso aspergarria izan zen». Magia trikimailuak eginez arindu zuen aspermen hura eta orduan ohartu zen berari bezala, gainerako gaixoei ere on egin liezaiekeela eta gaur egun, «Magic» programa 30 herrialde baino gehiagotan aplikatzen da.

«Ez dugu ongi pasatzeko soilik egiten. Psikomotrizitatea eta burua lantzen dira batez ere. Frogatu dugu lehen hogei asteetan lortzen ziren onurak, modu honetan zortzi edo hamar astetan lortzen ditugula», azaldu zuen.

«MAGIC» PROGRAMA

Tratamenduak magiaren bidez hobetzeko programarekin, elbarrituek psikomotrizitatea lantzeaz gain, burua ere lantzen dute. Trikimailua ongi egin nahiak behin eta berriz ariketa errepikatzera bultzatzen gaitu gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo