«On egin» lelopean antolatuko ditu Andoainek 2012ko Kilometroak
Jon ADAN |
Andoaingo Aita Larramendi ikastolak datorren urrirako antolatuko duen Kilometroak 2012 edizio berria aurkeztu zuten atzo, Donostian. Jaiaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin zuten Gipuzkoako ikastolen etxean Arantza Manterola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, Arantxa Irigorasek eta Izaskun Linazasorok -Aita Larramendi ikastolako lehendakaria eta zuzendaria, hurrenez hurren-, eta Arkaitz Lasak, ikastolako kmk-12ko koordinatzaileak. Ekitaldiarekin lortu nahi dituzten helburuak plazaratzeaz gain, ekitaldiaren logoa eta leloa aurkeztu zituzten. Eta, bide batez, ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eman zituzten.
Helburuak «bat baino gehiago» direla adierazi zuten. Lehendabizi, ikasleen matrikulazioen gorakadarengatik gela berriak eraiki behar dituzte. Zehazki, «LH 3-6 eta DBH 1-4 mailetarako zortzi gela berri izango dituen eraikin berri bat egin behar dugu», azaldu zuten.
Bestalde, herrian eta bailaran «ikastola mugimenduaren erreferentzia indartzea», eta aldi berean, herritarrak «ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko» gertu sentitzeko aukera zabaldu nahi dute. Azkenik, festa «herritarren parte hartzearekin» egitea lehentasuna dela adierazi zuten, eta «euskararen eta euskal kulturaren inguruko jarduerak biziberritzeko asmoa» ere badutela.
Leloa, edizio bakoitza identifikatzen duen esaldia hautatzea ere garrantzitsua izaten da. Andoainek «On egin» lelopean antolatuko du edizioa. «On» hitzak ingelesezko «piztu» hitzari egiten dio erreferentzia. Honekin, herritarrak jaiarekin «aktibatu» nahi dituztela azaldu zuten; alegia, herritarrek «on egitea» nahi dute. Bestalde, «on egin» esaerak euskaraz adierazten duen moduan, guztiona den jaia denoi «atsegin handiz» eskaini nahi diete antolatzaileek.
Logoari dagokionez, bi uhin ageri dira. «On» hitza irudikatzeko, pizteko botoia erabili dute, teknologia berriek gaur egun hezkuntzan duten garrantziari keinua eginez. Horren harira, atzo, Andoaingo Allurralde kiroldegian, edizio honetarako aurkeztutako logo eta lelo proposamenak ikusgai izan ziren. Bestalde, herriko Kale Nagusian, gaur ireki dute kilometroak 2012 edizioaren arropak eta produktuak salduko dituen denda.
Aita Larramendi ikastola
1963. urtean jarri behar da begirada Aita Larramendi ikastolaren sorrera ikusteko. Lehen urte haiek gogorrak izan baziren ere, klandestinitatetik atera eta 1978. urtean Udalak lehen aldiz onartu zuen ikastola herri interesei erantzuten zion elkarte moduan, eta 1990. urtean, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak kilometroak Andoaingo ikastolak antolatzea proposatu zuen. Egun euritsu hartan lortutako diruarekin, eskolaurreko gela berriak eraiki zituzten, eta bi urte geroago inauguratu zituzten eraikitako haur hezkuntzarako moduluak.
Ikastola handituz joan zen hurrengo urteetan, eta 2003an kooperatiba izaera hartu zuen. Egun, Andoainen euskara eta euskal kulturan erreferente bihurtu da.