Aizkora | Nafarroako finala
Larretxeak oraindik sasoi bikainean jarraitzen du
Donatok txapela berreskuratu zuen atzo, sekula izan den finalik estuenean, amaieran segundo bakar bateko tartea kendu baitzion Juanjo Lopezi. Podiuma Jon Rekondo leitzarrak osatu zuen.
Jon LEUNDA
Donato Larretxeak irabazi zuen atzo Donezteben Nafarroako Lehen Mailako txapela. Finala azken urte hauetan izan den estuena izan da, inoizko estuena ez esateagatik, amaieran segundo bakar batek erabaki baitzuen auzia, eta hori finaletan oso gutxitan gertatzen da.
Bost aizkolari ziren lehian aritzekoak, lehen kanporaketan txartela lortu zuten guztiak, eta inork ez zuen hutsik egin. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen.
Lopez eta Larretxea ziren txapela lortzeko faborito nagusiak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Biak bizi-bizi hasi ziren lanean, eta gainerakoei tartea kentzen ere hasi ziren. Lan erdiak bitarte parez pare joan ziren, baina hortik aurrera Lopezek aurre hartu zuen. 15 segundo inguruko tartea ere izan zuen alde, eta azkeneko enborrean ere segundo batzuk aurretik sartu zen, eta bazirudien txapela beretzat izango zela, baina Larretxeak sekulako amaiera egin zuen. Indar handiarekin sartu zen amaierako kana-erdikoan, eta sekulako abiadan bota zuen, eta kolpe bateko aldea kendu zion Lopezi, txapela jantziz. Lezaungoak ere lan ona egin zuen, baina amaieran amore eman behar izan zuen, eta minik handiena ematen duen moduan, gainera; izan ere, azkeneko enborrean aurretik sartu, eta segundo bakar bategatik txapela galtzeak min handia egiten du.
Beste lehiaketa
Bigarren postutik atzera beste lehiaketa bat jokatu zen. Larretxea eta Lopez alde batetik aritu ziren, eta beste hirurek beste lehiaketa bat jokatu zuten. Hirugarren Jon Rekondo izan zen, eta Larretxearengandik hiru minutu eta erdira geratu zen.
Leitzarra ez zen gaizki aritu, baina ezin izan zion aurreko biek jarritako erritmoari jarraitu, eta atzetik zituen biei ere tarte eder bat kendu zienez, berak lana nahiko lasai egin ahal izan zuen, ez baitzuen podiuma arriskuan ikusten, eta amaieran hortxe amaitu zuen. Antonio Senosiain izan zen laugarren. Olaguekoari aurrekoek ihes egin zioten, eta Erasun, berriz atzean utzi zuen, eta laugarren postu horri eusten saiatu zen, baita lortu ere. Bere helburua finalean izatea zen, eta hori lortuta nahiko eroso aritu zen. Azkena finaleko gazteena izan zen. 21 urterekin, Erasunek bere helburua bapo beteta zuen, eta eskarmentua hartzeko balioko zion, hemendik aurrera askotan izango baita finaletan.
Donato Larretxea amaieran pozez gainezka agertu zen prentsaren aurrera. Nahiz eta azken enborrean atzetik sartu, ez omen zuen finala galduta inoiz ikusi: «Amaieran jo beharra zegoen, ez zegoen besterik. Dudan guztia eman dut, eta eskerrak horri. Saio guztian zehar pare-parean joan gara, kolpe bat edo bi bera aurretik ibili da, baina tarterik gabe, baina azken enborrean 20 segundo inguruko tartearekin sartu da, eta horri buelta emateko jo beharra zegoen, eta ongi atera zait», esan zuen.
«Nahiz eta tarte dezentea kendu didan, inoiz ez dut finala galduta ikusi, bera gainditzeko adina indar banuela uste nuen, eta saiatu naiz, eta azkeneko enborrean pasa ahal izan dut, eta txapela irabazi dut. Segundo bakarra izan da, baina nahikoa txapela lortzeko», erantsi zuen.
Bera zen finaleko zaharrena, 50 urte pasarekin, eta hala ere, bera onena. Horri buruzko iritzia ere eman zuen: «Adin honekin finala irabaztea ez da seinale ona, zerbait esan nahi du, baina gauzak honela daude, eta gaur niri tokatu zait irabaztea, eta orain gozatu egin beharko dut», esan zuen txapeldun berriak, atzo Donezteben jokatu zen finalaren ostean. J.L.
Donezteben atzo jai egun handia izan zen, eta urteroko moduan ez zen aizkora saiorik falta izan. Ostirala izan arren, harmailak leporaino bete ziren, eta finala ikustera joan zirenak gozatu ederra hartuta atera ziren. Aizkorak oraindik jarraitzaile asko dituela garbi ikusi zen.
Euskal Herriko Ingude-altxatze Txapelketa ere jokatu zen atzo Donezteben. Amaieran Aioroak jantzi zuen txapela, guztira 91 jasoaldi emanda. Bigarren Urrutia sailkatu zen 87 jasoaldirekin, hirugarren U. Ardeo 82 jasoaldirekin, laugarren I.Ardeo 80rekin, eta bosgarren Bujan 74rekin. Kirolari bakoitzak 18 kiloko ingudearekin jardun behar izan zuen, eta lanerako berriz, minutu eta erdi izan zuen.