GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Abadiñon argituko da zein den aurtengo lehenengo txapelduna

Jon LEUNDA

Gaur arratsaldean argituko da zein den aurtengo denboraldiko lehenengo txapelduna. Abadiñoko probalekuan jokatuko dute, 320 kilokoan, Euskal Herriko lauko Txapelketako finala. Ekitaldia 17.00etan hasiko da.

Abadiño eta Sokarri izango dira, dudarik gabe, protagonista nagusiak, seitik bost talde beraienak baitira. Abadiñok, A, B eta C taldeak sartu ditu finalean, parte hartu duten guztiak. Sokarrik, berriz, hiru aurkeztu eta bi sartu ditu finalean, A eta B. Bi horien artean Urruñak sartu du burua.

Honekin garbi geratzen da goma gainean zeintzuk diren nagusi. Iaz ere, bi talde hauek, zortzikoan, beraien artean banatu zituzten txapelak, eta hau amaitutakoan hasiko den lehiaketa handirako aurten ere ez dirudi aldaketa asko izango denik.

Nafarroako zortziko txapelketan ere gaur bi txapel banatuko dira, Elizondon, 18.00etatik aurrera hasiko den jaialdian. Bertan, mutiletan azkeneko ekitaldia jokatuko dute 640 kilokoan, eta ondoren, lehiaketa mistoko amaierako jardunaldia 420 kilokoan.

Mutiletan, Amaiur, Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea lehiatuko dira, eta mistoan, berriz, Amaiur, Sakana eta Basaburua-Imotz. Lehen jardunaldian Amaiur izan zen nagusi bi probetan, eta badirudi gaurko ere bera aterako dela bai irabazteko, bai txapela lortzeko faborito.

Lehen jardunaldian Berriozar izan zen bigarren mutilen mailan, eta Sakana, berriz, mistoan. Gaur saiatuko dira Amaiurkoak estutzen, eta finalari emozioa ematen, baina ez dute lan erraza izango.

Lehiaketa, berez, zortzikoa da, baina mistoan seikoa ari da izaten. Talde bakoitzean hiru mutil eta hiru neska joaten dira. Lehiaketa hau lehen aldiz ari da jokatzen, eta badirudi taldeen artean nahiko harrera ona izan duela. Gero, aurtengoa pasata, hurrengo urtean zer gertatzen den ikusi beharko da, baina momentuz gauzak nahiko ongi doaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo