Titirijai europarra izango da aurten eta Suitzara begiratuko du
Tolosa txotxongiloen hiriburu bihurtuko da hilaren 26tik abenduaren 4ra bitartean, bertan ospatuko baita Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdia. Aurten Suitzarantz zuzenduko ditu begirada guztiak.M. LARRINAGA | TOLOSA
Datorren asteko asteburuan Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia ospatuko da Tolosan, non haurrei, gazteei eta helduei zuzenduriko ikuskizunak eskainiko diren. Honakoan ere, egunero entzuten den hitza izan da programazioko protagonista, krisia. Izan ere, badira urte batzuk jaialdiaren ikuskizun kopurua gero eta murritzagoa dela. Aurten ere 84 emanaldi programatu dituzte, baina kalitate maila mantentzen saiatu dira. Horretarako, konpainia txikiagoak eta gertuagokoak ekarri dituzte aurten. Hala ere, ekonomia arazoak alde batera utziz, haurrentzako eta DBHko ikasleentzako sailak eskainiko dira. «Belaunaldien arteko diferentzia hain handia ez egoteko sortu dugu nerabeentzako saila. Gainera, helduentzako obra asko nerabeentzako aproposak dira», azaldu zuen Miguel Arretxek, Titirijaiko zuzendariak atzo egindako aurkezpen ekitaldian.
Programatutako ikuskizunen artean, sei urte baino gutxiago duten haurrentzako bi obra azpimarratu zituen Arretxek. Alde batetik, «Barmburry». De Spiegel konpainia belgikarraren obra honetan «protagonistek soinuen bidez margotzen dute». Emanaldia hilaren 27an izango da, arratsaldeko seietan, Topicen. Bestetik, Txotxongilo taldeak aurtengo otsailean aurkeztu zuen «Elurrezko panpina» ikuskizuna ere eskainiko da abenduaren 2an, 18.00etan, kultur etxean.
Ernalketa umoretsua
Beste emanaldien artean, Arretxek «El fantástico viaje de Jonas el espermatozoide» nabarmendu nahi izan zuen. «Ez da didaktikoa, baina espermatozoide baten obuluraino egindako lasterketa umore handiz lantzen du, eta gezurra dirudien arren, haurrentzako ikuskizuna da», esan zuen Arretxek.
Les Helices taldea Suitzatik dator eta Sofokles-en Antigonaren istorioa eramango dute taula gainera abenduaren 1ean, Topic zentroan, 22.30ean. Antigonak Creonte bere osaba eta erregeari aurre egingo dio, Polinices bere neba hil berriari merezi duen hileta egiten utzi ez diolako. Hala ere, Antigonak hileta ekitaldia aurrera eramango du eta osabak heriotzara kondenatuko du.
Azkenik, «Zheng-He, cuando llegaron los barcos dragón» austriarrak Zheng He txinako esploratzailearen istorioa aurkezten du eta berarekin batera, egindako bidaietan ezagututako hainbat pertsonaien istorio eta pasadizoak ere kontatzen ditu. Hilaren 27an emango dute Karin Schäferren ikuskizun hau 17:00etan, Leidor antzokian.
Suitzarako leihoak
Aurten Suitzara eraman nahi izan dituzte begirada guztiak Titirijaiko antolatzaileek. Hala, aurtengo leihoa Suitzara irekiko dute, eta beti bezala, herrialde horretako txotxongiloen historiari buruzko erakusketa bat antolatu dute Tolosako Aranburu jauregian. «Suitzako txotxongiloen historia gaztea da, baina oso gauza interesgarriak dituzte», esan zuen Arretxek.