GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osasun arloan euskara sustatzeko topaketak egin dituzte Eibarren

Osasun arloan euskarak bizi duen egoera izan zuten hizpide larunbatean Eibarko Markeskoa jauregian egindako topaketetan. Arlo ezberdinetako hizlariek hartu zuten parte, eta, euren esperientzietan oinarrituta, euskarak osasun arloan dituen gabeziak aztertu zituzten.

p019_f02.jpg

GARA |

Osasun arloan euskararen erabilera eta euskarazko produkzioa bultzatzeko jardunaldiak egin ziren larunbatean OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatuta. Eibarko Markeskoa jauregian izan zen zita eta aurreneko aldia zen gisa honetako jardunaldiak antolatzen zirela.

Kontsulta medikoetan egiten den bezala, euskarari ere diagnostiko bat egitea zen ekimenaren helburua topaketei hasiera emateko Angel Bidaurrazagak azaldu zuenenez. Hau da, dituen sintomak, ondoezak, arazoak... ezagutzea zen xedea. Tratamenduari dagokionez, eskubideen aitorpena, baliabideak jartzea, plangintza sendoa egitea eta etengabeko hobekuntza prozesu bat abian jartzea behar-beharrezkotzat jo zituen.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere mintzatu zen eta lurralde bakoitzean euskaraz osasun zerbitzuetan artatua izateko izaten diren oztopoak azaldu zituen. Adrian Hugo Leioako Medikuntza ikasleak hezkuntza izan zuen hizpide eta aurreneko arazoa irakasle euskaldunen falta dela azaldu zuen. Lana eta irakaskuntza bateratzea ez dela oso erraza aipatu zuen, eta Europa mailako arazoa ere badela. «Irakaskuntza ikasteak denbora asko eskatzen du eta horrek balizko irakasle kopurua gutxitzen du», azaldu zuen.

Kexen %27, osasun arloan

Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak osasun arloan jasotzen diren hizkuntza eskubideen urraketen gainean hitz egin zuen. Datuei erreparatuta, Behatokiak jasotzen dituen kexen %27 osasun arlokoak direla nabarmendu zuen, azken hamarkadan 1.022 kexa. Horien atzean bizipen gogorrak daudela aipatu zuen: telefonoa eskegi izana euskaraz egiteagatik, gurasoek ea seme-alabei eskolan gazteleraz irakasten ez dieten entzun behar izatea, haurrak kontsultara negarrez sartu eta probak egiterik ez izatea gazteleraz ez jakiteak eragindako urduritasun eta ezinegonagatik... Egoera horiek ez dira bakanak, herritar euskaldunei bete-betean eragiten dieten bizipenak baizik.

Roberto Manjon Osakidetzako euskara teknikariak, besteak beste, hizkuntza politikek politika ekonomikoekiko duten menpekotasuna aztertu zuen. Euskararen arnasguneetan (%90etik gorako ezagutza maila duten herrietan) ezagutzak beherantz egin duela esan zuen. Horren erruduna ez dela hizkuntza politika desegokia ezarri izana nabarmendu zuen, gizartean nagusi den politika ekonomikoa baizik. Horregatik, komunitate batek bere hizkuntzari eutsi nahi badio, botere ekonomiko, politiko eta ekonomikoak berreskuratu behar dituela esan zuen Manjonek.

Euskara plana

Roberto Manjon hizkuntza teknikariak argi azaldu du zergatik eman diren euskararen aldeko hain urrats gutxi osasun arloan: Osakidetzako zuzendaritzek ez dute inoiz Euskara Plana egiazki babestu.

ikasleak

Medikuntza Euskaldundu ikasle mugimenduko bi kidek ere parte hartu dute topaketetan. Ikasketak euskaraz burutzeko EHUko ikasleek gainditu behar dituzten oztopoen ondorioz sortu dute mugimendua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo