GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada | Proposamena

Irurtzungo Saien Balkoia, eskaladarako talaia erakargarria

Joseba Arlegik sortu du Iruñeko merindadeko herriaren goialdean dagoen sektore berria. Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, irurtzundarrak kirol eskaladarako 30 bide zabaldu eta ekipatu ditu. Seigarren graduko marrak dira nagusi.

p044_f01_388x149.jpg

p044_f02_199x120.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Irurtzunek (Nafarroa) aukera zabala eta ederra eskaintzen du eskaladarako. Biaizpeko harratea da izar nagusia. Pareta historiko zein enblematiko horiek harri bitxiak direla ez du inork zalantzan jartzen. Urteen poderioz, horma txikiari eta nagusiari Plataforma eta Haitzuloak izeneko bi sektore gehitu zitzaizkien. Hori bai, aipatutako izarrekin alderatuta, bi sektore horiek bere baitan jasotzen dituzten bideak motzagoak eta kirol eskaladakoak dira. Oraingoan, eremu horretan izaten ari den bilakaerari esker, beste sektore baten berri eman behar dizuegu zorionez. Saien Balkoia du izena, eta, lasai asko, guk geuk asmatutako «Biaizpeko Eskalada Parkearen» barruan koka genezake. Izan ere, murru hori pareta txikiaren alboan dago; zehazkiago esanda, Irurtzungo herrigunearen gainaldean. Hitz batean esateko, eskaladarako alderdi paregabe baten zein talaia eder baten aurrean gaude.

Jakina, sektore berriari forma emateko lan eskerga egin behar izan da; edo hobeto esanda, eskalatzaile zein ekipatzaile batek egin behar izan du. Joseba Arlegiri buruz ari gatzaizkizue. Irurtzundarra ez da berria lan hauetan, inguru horretan makina bat proposamen egin baitizkigu. Ekipatzaile fina, metodikoa, eta beti gertatzen ez den bezala, oso irizpide onak dituena. Bera izan da Saien Balkoia sektorearen sortzailea, bultzatzailea eta ekipatzailea. 30 bide ditu, eta, guztiak ala guztiak, Arlegi berak zabaldu eta ekipatu ditu; hori bai, pare bat bidetan Iker Garciaren laguntza jaso du.

Nahiz eta oso horma deigarria izan, orain dela bi urte pasatxora arte ez zuen Arlegik ekipatzaileen lanik ezagutu. Arlegik berak ere behin baino gehiagotan entzun izan du pareta horrek ukitu gabe denbora asko pasa duela: «Beno, baten batek noizbait zer edo zer egin zuen; izan ere, eskuineko paretan espit buru zahar batzuk aurkitu nituen. Orain dela hamabi urte `Diedro de la brutalesa' bidea begiratu begiratu nuen, baina ez nuen ekipatu. Duela bi urte pasatxo, berriz, pareta osoa aztertzen egon nintzen. Ekipatzeko aukera ikusi nuen, baina behealdean dagoen harkaitzaren kalitatea nahiko kaskarra zen. Eskatzaile batzuk esana zidaten harritu egiten zirela Etxauriko bidean pareta ikusi eta biderik ez zegoela egiaztatzean».

Seigarren gradukoak nagusi

Pareta ondo aztertu ondoren, Arlegik aukera ederrak ikusi zituen kirol eskaladarako bideak zabaltzeko. Lan horretan bi urte eta erdi eman ditu, eta, jakina, ekipatzaile hau ezagututa, jakin badakigu lan handiena garbiketa lanek eman diotela: «Garbiketarena lanik okerrena, gogorrena eta mantsoena izan da. Gainera, zoritxarrez, zati batzuetan likena zegoen».

Guztira 30 bide sortu ditu, 5c gradukoak dira errazenak eta 7c+/8a mailara iristen da bat. Baina, lasai asko aitor genezake seigarren gradukoak direla nagusi: «Seigarren mailan ondo dabilen eskalatzaileentzat dira, gehienak 6b+ eta 6c artekoak baitira. Helduleku asko daude, baina bilatu egin behar dira, eta magnesio marka gutxi dago. Beraz, bistan eskalatzeko ez da batere erraza. Erdialdean, batez ere bideen bigarren zatian, oso arroka berezia dago; bertikala eta zuloz josia. Aipatu behar dut bideak 30-35 metro luze direla eta marra batzuk bi luze dituztela. Horrela bada, sokaren luzerarekin kontuz ibili beharra dago».

Talaia ederra izateaz gain, pareta hegoaldera begira dago. Beraz, udazkena, negua eta udaberriaren hasiera dira garairik egokienak bertan eskalatzeko; gainera, ipar haizetik ondo babestuta dago. Udaran, berriz, kiskaltzeko aukera handia dago.

«Biaizpeko Eskalada Parkean» gaudenez, eskalada estiloa, hein handi batean, inguru horretakoa da: «Zati batzuetan Biaizpeko eremuarekin antz handia dauka, helduleku kamutsekin eta itsasgarritasuna nagusi dela. Pausu luzeak, zati bereziak, bide errazenetan dauden tamaina harrigarriko zulo ugari, ia bide gehienak plakeroak dira...».

Hauxe da, beraz, Saien Balkoia sektore berriaren aurkezpena. Orain badakizue inguruak zer eskaintzen duen. Gogora ezazue, hori bai, eguzkia, gutxi gorabehera, 12.30ean azaltzen dela paretan, eta bertara iristeko Irurtzungo Trinitate kalea hartu behar duzuela. Eskuinera pista bat dago, ur biltegira eramaten duena. Autoa han utzi eta Saien Balkoia izeneko bidea hartu (marka zuri eta berdeak). Paretatik gertu garela (ondo begiratu), ezkerretara, mugarri batzuk daude. Horiek jarraitu. Guztira, 20-25 minutuko bidea da.

kirol eskalada

Guztira 30 bide eskalatzeko aukera dago; guztiak ala guztiak kirol eskaladakoak. Bi luzeko marrak ere badira.

seigarren gradua

5c+ eta 7c+/8a arteko bideak daude, baina gehienak seigarren gradukoak dira. Biaizpeko eremuko eskalada estilo bera dute.

berria

Biaizpeko harrateko eskalada eremuko sektore berria daSaien Balkoia. Irurtzungo herrigunearen gainaldean dago.

sortzailea

Joseba Arlegik atondudu sektore berria. Proposamenari forma emateko lan eskerga egin behar izan du bi urte eta erdiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo