GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA | Lauko Txapelketa

Abadiņorentzat izan da denboraldiko lehen txapela

Sokarrik ere lan ona egin du, baina amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan du.

p041_f01_148x084.jpg

Jon LEUNDA

Abadiño izan zen herenegun jokatu zen 320 kiloko Lauko Txapelketako protagonista nagusia. Lehen taldeak txapela jantzi zuen, eta, bigarren taldeak, berriz, brontzezko domina kolkoratu zuen. Tartean, Sokarri B sartu zen, zilarrezko domina lortuz. Sokarri A taldeak ere oso gertu izan zuen hirugarren postua, baina azkenean laugarren geratu zen.

Abadiño A taldeak jantzi zuen txapela, eta bizkaitarrak nagusi izan ziren, denboraldiko lehenengo finalean jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin baitzituzten; horrek eman zien txapela. Talde gogorra kantxaratu zuten, eta hori lanean hasi orduko ikusi ahal izan zuten denek.

Bigarren postuan, berriz, Sokarri B sailkatu zen. Arrigorriagakoek Abadiñorekin bi tiraldiak galdu egin zituzten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta bigarren postua segurtatu zuten. Lehen postuaren bila atera ziren, baina behin Abadiñorekin galduta, bigarren postua jarri zuten hurrengo helburutzat, eta hori ez zuten galdu.

Emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen Abadiño C eta Sokarri A taldeekin. Lehen bi sailkatuekin galdu egin zituzten tiraldiak, baina Abadiño B eta Urruña mendean hartu zituzten; beraien arteko tiraldietan, berriz, berdinduta geratu ziren, bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen. Amaieran, horrek kitarakoa jokatzera behartu zituen bi taldeak, eta hor Abadiño B izan zen nagusi; horrenbestez, podiumera igo eta brontzezko domina lortzeko modua izan zuen. Sokarri A taldeak, berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta lan ona egin zuen finalean.

Urruña taldea zen Abadiñotik eta Sokarritik kanpo aritu zen talde bakarra, eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Beraiek eta Abadiño C taldeek aurreko lau taldeekin galdu egin zituzten tiraldiak, eta azkena ez geratzeko bien arteko deman zegoen gakoa. Hor Urruña atera zen garaile eta lapurtarrek bosgarren postuan amaitu ahal izan zuten saioa. Abadiño B taldeak, berriz, azken postuan amaitu zuen finala, baina helburua beteta zuen, finalean sartzea baitzen bere asmoa.

Datorren asteburuan Berriozarren abiatuko da 300 kiloko lehiaketa mutiletan, eta hamasei talde arituko dira guztira. A multzoan, Abadiño A, Sokarri A, Amaiur A, Urruña eta Berriozar neurtuko dira. B multzoan, Abadiño B, Sokarri B, Amaiur B, Ibarra A, Ñapurrak eta Kuartango. C multzoan, azkenik, Abadiño C, Amaiur C, Sokarri C, Ibarra B eta Ñapurrak B.

Emakumezkoen 260 kilotan, Bizindar, Sakana, Badaiotz, Ibarra A, Ibarra B eta Berriozar neurtuko dira. Badaiotz B taldearen parte hartzea, berriz, oraindik zalantzan dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo