GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Larretxea edozeini apustua jokatzeko prest dago

J.L.

Donato Larretxea apusturako prest dago. Pasa den ostiralean Nafarroako Lehen Mailako txapela jantzi zuen, eta badirudi horrek indarra eman diola, eta apusturako deia egitea erabaki du.

Edozein aizkolariri jokatuko lioke 30 kana erdikotara. Martxoan jokatu beharko litzateke desafioa, eta enborrak Larretxeak berak eramango lituzke. Dirutan, berriz, 12.000 eurotik gora jokatu beharko lituzke aizkolari bakoitzak.

Inork erantzun nahi baldin badio, abenduaren 3an egongo da Tolosan, Kantabriko tabernan, 19.00etatik aurrera. Inor jokatzeko gogoz baldin badago, nafarra prest da agertu nahi duten guztiekin hitz egiteko.

Euskal Herriko Txapelketan ez da ateratzen Larretxea, baina garbi dago egun dagoen aizkolaririk onenetakoa dela, eta hori argi ikusi zen Nafarroako finalean. Orain ikusi beharko da ea norbaitek erantzuten dion. Olasagasti, Azurmendi eta Otaño dira zaleen ahotan dabiltzan izenak, baina hori eguna heltzen denean ikusi beharko da. Larretxeak, behintzat, bota du desafioa. Orain aurkaria beharko du. Ea beste norbait ere apustua jokatzeko prest dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo