Euskal herriko surf liga
Lehenengo txapelduna, Getariako Lonjan taldea
Atzo amaitu zen Euskal Herriko lehen Surf Liga. Lehenik Iparraldeko taldearen aurka Hegoaldeko zein taldek lehiatu behar zuen erabaki behar zen, eta Getariako taldea izan zen puntu gehien bildu eta finalerako txartela lortu zuen Hegoaldeko taldea. Beraz, Getariako Lonjan taldea eta Donibane Lohizuneko Artha taldea izan ziren final handian, eta, azkenean, gipuzkoarrak izan ziren garaile.
Zarautzen jokatu zen finalean, olatu oso onak izan ziren lehiaketak iraun zuen bitartean. Hala, maila altuko ikuskizuna izan zen nagusi. Gainera, uretatik kanpo ere giro paregabea izan zen, ligan parte hartu duten Sopela, Bakio eta Angeluko kideak ere bertaratu baitziren.
Lonjan taldeak txapela eta sari nagusia jaso zituen, eta, Donibane Lohizuneko taldekideek, berriz, domina bana. Sari banaketaren ostean, lehiakide guztiak mahai handi baten inguruan bildu ziren elkarrekin bazkari eder batez gozatzeko.
Ligaren nondik norakoen berri luze eta zabal emango dizuegu hurrengo astean, baina, bitartean, txapelketari buruzko zerbait gehiago jakin nahi duenak, web orrira jo dezake: www.kantaurisurfliga.com.