GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Has dadila behingoz elurra egiten

Orain gutxi arte surfa kostaldean bizi zirenek egiten zuten kirola zen. Azken urte hauetan, ordea, ehunka izan dira hondartzarik ez duen herrietan bizi arren surfean hasi direnak Ea behingoagatik elurra egiten hasten den eta furgoneta, auto tuneatu eta muturreko sasi-kiroletako porrero halabeharrezkoek itsasoan leku pixka bat egiten duten

 

Udazkeneko ordu aldaketaren ostean eguna laburragoa da, edo hobeto esanda, eguzki orduak urriagoak dira, zeren egunak 24 ordu izaten jarraitzen du. Aurtengoan, hego haize egun goxoak neguaren etorrera atzeratzen ari direla dirudi eta urte osoan surfa besterik egiten ez dugunontzat jada udazken honen zama jasanezina egiten hasi zaigu.

Surfa, bakarka egiten den kirola izaki, oso berekoia dela esan daiteke. Olatu bakoitzak bere jabea dauka, tokian tokikoek lehentasuna dute eta jarduera kodeak norbanakotik abiatzen dira. Kirol hau gertutik ezagutzen ez duenarentzat arau ulertezinak dira, baina egoki edo zilegi ote direnaren eztabaida alde batera utzita, indarrean diren legeak dira.

Orain gutxi arte surfa kostaldean bizi zirenek egiten zuten kirola zen. Azken urte hauetan, ordea, ehunka izan dira hondartzarik ez duen herrietan bizi arren kirol hau egiten hasi direnak. Gutxi gorabehera denak garai berean hasi ziren eta ia denek profil bat zuten, eta dute: industrialdeak dira haien jatorrizko lur eremuak.

Asko, 90eko hamarkadan irentsi gintuen bakailaoaren ibilbide amaigabe hartatik ihesi zetozen. Antsietatea baretzeko mendi itzuliak nahikoa ez, eta snowboard egiten hasi ziren lehenik, eta surfa jarraian. Poligonoetan ohikoak diren auto tuneatuak hondartza ondoan aparkatuta ikusten hasi ginen. Geroago haietako askok euskara lehen hizkuntza zuela ere jakin genuen, naiz eta inoiz erabili ez.

Haietako inork surfean ikasteko ohiko taula handirik ez zuela erabili nahi ikusita lasaitu egin ginen, bai baikenekien auto barnean neska lagunarekin batera eraman nahi zuen taulak txikia behar zuela izan, eta ikasteko lehen urratsak emateko askoz ere denbora gehiago beharko zutela. Eta noski, horrela izan zen, baina azkenean arraun egiten ikasi zuten eta orduan hasi ginen autoen jabeak olatu erdian nora ezean topatzen. Jada bi komunitateak leku berean geunden, urautsi berean, eta arau batzuk badirela erakutsi nahi izan genien, baina, antza, porrot egin genuen.

Denborarekin, barnealdeko espezie bitxi hau gailendu zen, eta, egun, tokian tokikoak askoz gutxiago izateaz gain, hutsaren hurrengoak gara; beraz, gure hizkuntza, kode eta ohiko arauak bertako surflariak bakarrik itsasoratzen garenerako uzten ditugu, alegia, negurako. Horregatik gaude hotz egiten hasteko irrikatan. Ea behingoagatik elurra egiten hasten den eta furgoneta, auto tuneatu eta muturreko sasi-kiroletako porrero halabeharrezkoek uhin egunetan leku pixka bat egiten duten. Has daitezela forfaitetako ilarak eta hustu daitezela hondartzak. Sasoian sasoiko, bakoitza berean, udan tomateak bezala, surflariak negu hotzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo