Michel Hacala margolariak balea arrantzari buruz egindako obrak jarri ditu ikusgai Euskal Museoan
Urtarrilaren 10era arte Michel Hacala margolari lapurtarraren obrak ikusgai egonen dira Baionako Euskal Museoan. Balea arrantzari buruzko lau urteko proiektua abiarazi du artistak erakusketarekin.
Ainize BUTRON | BAIONA
Michel Hacala Donibane Lohizuneko familia arrantzale bateko semea da. Horrenbestez, arrantzaren mundua beti izan du gogoan bere margolanetan. Obra garaikideak edo figuratiboak egin, arrantzaren mundua da bere influentzia gune nagusia.
Arrantzaren mundua utzi gabe, Hacalak artea eta historia hurbildu nahi izan ditu bere egitasmo berrian. Hala, datozen lau urteotan balea arrantza bizibide izan zuten euskaldunen inguruko proiektua burutuko du.
Donibane Lohizuneko margolariak zenbait egonaldi eginak ditu Quebeceko Saint-Laurent ibaiaren inguruetan historia hori bereganatzeko, eta itzultzekoa ere bada. Bertara joandako arrantzale euskaldunak itsas txakur larruaren eta balearen komertzioan aritu ziren ehunka urtez.
«Nahi izan ditut bertako paisaiak eta irudiak nireganatu ondotik obrak lantzeko», argitu du Hacalak. Ikusle ororentzat ulergarriak diren margolanak egitea berarentzat funtsezkoa dela ere nabarmendu du. «Figurazioa lantzen dut gehienbat, gure aitatxiek ere ikusten dutena identifika dezaten», azaldu du.
Balea arrantzari buruzko irudiekin batera, euskaldunek Amerikako herri indigenekin izandako harremanak ere agerian jarri nahi izan ditu Hacalak. Izan ere, margolariari gehien interesatzen zaion garaia 1551 aitzineko hirurehun urteak dira. Urte horretan iritsi zen Jacques Cartier nabigatzailea Kanadara, eta, artistaren esanetan, garai horretan hasi ziren arazoak.
Egungo errealitatearekin lotura ere egin nahi izan du Hacalak. «Iraganeko gaia da, baina egungo errealitatearekin zubia ere egin daiteke. Industria horretan inguramenarekiko zegoen errespetua goraipatu nahi izan dut. Azkenean, arrantzale horiek gaur egun eredugarriak izan daitezke», nabarmendu du.
Proiektuaren haziak
Baionako Euskal Museoan datorren urtarrilaren 10era arte ikusgai dagoen erakusketa Hacalak hasitako balea arrantzari buruzko proiektuaren lehen uzta baizik ez da. Margolan erraldoiz, eskulturez, tresnez eta marrazkiz osatuta dago egitasmoa.
Margolanek balea arrantzaren irudiak ikustera ematen dituzte gehienbat, baina marrazkietan, berriz, «lehen bidaiaren ipuina» azaltzen da. «Historiaurrean hasiz nik asmaturiko arrantzaren historia azaltzen dut marrazkietan. Daramadan proiektuan ez naiz historiaren detaile guztietan sartu», azpimarratu nahi izan du artistak. Michel Hacalaren proiektua Baionako Euskal Museoan abiatu da, baina datozen urteetan Euskal Herriko eta munduko beste hainbat lekutara ere helduko da.
Quebecen eraikitzekotan diren Euskal Etxeari obra bat ere eskaini dio Donibane Lohizuneko artistak. Hori dela eta, geroan bere bildumako obrak bertan erakusteko asmoa dauka Hacalak.
Baionako Euskal Museoak «Baleak beti!» izenburupean hilabete osoan zehar antolatu duen ekimenaren baitan sartu du Hacalaren erakusketa. Beste hainbat hitzordu ere finkatuta ditu museoak. Horien artean, azaroaren 30ean «Indianoak I» eta «Indianoak II» proiektuen aurkezpenak eginen dituzte. 2003an egin zen lehen bidaiaren ondotik, 2013an esperientzia errepikatzekotan daudela nabarmendu du Rafael Zulaika museoko zuzendariak. «Hamar urte bete dira museoak, berriz ere, publikoari ateak zabaldu zizkionetik. Hilabete tematikoak antolatuz ospatu nahi izan dugu», azaldu du. A.B.