GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

2012ko ASP zirkuitua: leku aldaketak izango dira nagusi

ASP erakundeak 2012ko zirkuitua aurkeztu du. Legediari dagokionean, iaz indarrean jarritako ordezkatze sistemak indarrean jarraituko du. Datorren urteko txapelketan zein lehiakide izango diren esaterik ez dago oraindik, aurtengo zirkuitua amaitu gabe baitago oraino. Berrikuntzen artean leku aldaketak dira nagusi: New Yorkeko proba errepikatu egingo da eta Fijin ere txapelketa bat egingo da.

p048_f01_97x48.jpg

p048_f02_97x88.jpg

p048_f03_97x140.jpg

p048_f04_133x140.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

ASP erakundeak 2012ko munduko goi mailako itzulien berri eman du. Jada 2011ko irabazleek izen eta abizenak dituzte, bai mutilen kasuan bai neskenean ere, baina oraindik hainbat gauza erabakitzeke daude.

Mutilen WCT zirkuitua amaitzeko txapelketa bat falta da, Hawaiiko Pipeline olatu mitikoan egiten den Pipe Masters famatua. Baina irabazleak badu jada izena: Kelly Slater.

Nesken kasuan ere itzulia amaitu aurretik jakin genuen nor zen zirkuituko irabazlea. Carissa Moore hawaiiarrak Huntington Beachen azken proba egin baino lehenago eskuratu zuen 2011ko txapelketa Biarritzen egindako proban bildutako puntuei esker.

Long Board modalitatean, berriz, lau probek osatzen dute zirkuitua, bai nesken bai mutilen kasuan, eta oraindik ez da azken irabazlerik. Junior kategorian ere berdin.

ARAUDIA

Araudiari dagokionean ez da aldaketarik izango: iaz indarrean jarritako ordezkatze sistemak indarrean jarraituko du. Beraz, itzuliaren erdialdean lehiakide berriak sartuko dira lehiaketan datorren urtean ere. Alegia, lehen hilabeteetan PRIME eta WQS mailako txapelketetan puntu gehien biltzen dituzten lehiakideek goi mailan diren lehiakideek ordura arte bildutako puntu kopurua gaindituz gero, lekua ken diezaiekete, aurten gertatu den modu berean.

Aurtengoan ordezkatze sistema berriari esker irailean goi mailara (WCT) igo ziren hiru lehiakideek (John John Florence, Gabriel Medina eta Miguel Pupo), goi mailan jarraituko dute, gutxienez, berriz ere zirkuituaren erdialdera ordezkatze berriak eman arte. Behar adina puntu bildu badituzte, noski, lehian jarraitu ahal izango dute.

Bestalde, lesioengatik aurten zirkuitutik kanpo geratu diren lehiakideekin zer gertatuko den oraindik erabakitzeke dago. Batzuk ez dira guztiz sendatu, beste batzuek zirkuitua hasi eta gerora hartu zuten min, eta zirkuituaren hasieran lesionatuta egon ostean denboraldian zehar lehiatzen hasi zirenak ere badira. Beraz, denetik dago.

LEKU ALDAKETAK

Nesken zirkuituan ez da inongo aldaketarik, ez legediari dagokionez ezta lekuei eta datei dagokienean ere. Mutilen kasuan, berriz, WCT zirkuitua 11 txapelketek osatuko dute datorren urtean ere. Hori bai, badira zenbait aldaketa esanguratsu. Lehenik eta behin, datei dagokienean. Izan ere, 2011ko txapelketa gehienak ipar hemisferioan uda eta udazken sasoian gauden garaian egin dira.

Datorren urteko itzulian ere antzeko zerbait gertatuko da, eta, gainera, are eta gehiago pilatuko dira txapelketen datak. Esaterako, 2012ko irailean bakarrik, zirkuituko hiru txapelketa egingo dira: lehen bi asteetan AEBetan eta hirugarren astean Frantzian.

Beste bi aldaketa nagusiak txapelketen egoitzekin lotuta daude. Batetik, aurten lehenengoz New Yorken egin den txapelketa errepikatu egingo da, eta, bestetik, Rip Curl Search txapelketa desagertu egingo da.

New Yorken aurten egin duten txapelketa oso arrakastatsua izan da. Itsaski gutxi izaten dituen ingurunean olatu txikiak izateko beldur ziren, eta mesfidantza zen nagusi; agian horregatik jarri behar izan zuten milioi bat euroko sari deigarria. Azkenean, aldiz, olatuak lagun izan zituzten eta antolatzaileek lehiakide eta ikusleen konfiantza irabazi zuten. Hala ere, datorren urtean milioi bat euroko saria izango da berriz ere.

2005ean Reunion uharteetan egin zuten lehen aldiz Rip Curl Search txapelketa. Ordutik, Mexiko, Txile, Indonesia, Portugal, Puerto Rico eta San Frantzisko (Kalifornia) izan dira txapelketa berezi hau egiteko aukeratutako agertokiak. Rip Curl Search txapelketa urtero lekuz aldatzen egiten zen txapelketa bakarra zen.

Hastapenetan, Rip Curl Search txapelketak sekulako arrakasta izan zuen, batez ere leku berriak ezagutzera ematen zituelako. 2006an Mexikon izan zen txapelketa paregabeak, Barra de la Cruzeko eskuin olatu itzela eman zuen ezagutzera. Oraindik ezezagunak ziren olatu bikainak bazirela frogatu zuten.

2007ko txapelketak ere olatu ezezagun bat erakutsi zien munduko surflari guztiei; Txilen, Aricako ur hotzetan, ezker-eskuin lehertzen den olatu indartsu bat badela ikusi ahal izan genuen. Ordura arte ia ezezaguna zen olatua.

Aipatu bi txapelketak ikusmin handia sortu zuten, baina hortik aurrera nahiz eta leku bitxiak aukeratu, ez zuten antzeko arrakastarik lortu Rip Curl Search txapelketek.

Datorren urtean Fijik hartuko du Rip Curl Search txapelketaren lekukoa. 1999 eta 2008 urteen bitartean ia urtero egiten zen zirkuituko proba bat Fijin (2007an eta 2001ean ez zen txapelketarik izan), baina gero, legedi bitxi bat medio, ezin izan zen gehiago txapelketarik egin.

Txapelketa Tavaruan egiten da. Tavarua oso uharte txikia da; 120.000 metroko azalera baino ez du. Orain gutxira arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean Fijiko Lurzoruaren Legea aldatu zuten, eta, ordutik, posible da uharteko leku bikainenetan surf egitea. Horregatik berreskuratu dute proba.

Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koralezko uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, eta, ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea da, Teahupoko olatuarekin gertatzen den antzera.

Aurten, aspaldi izan den itsaskirik handiena izan da bertan, eta surflari asko izan dira itzelezko olatuak hartzera bertaratu direnak. Kelly Slaterrek, esaterako, zirkuituko laugarren proban ez zuen parte hartu, hain zuzen ere, Tavaruako itsaski hura galtzeko inongo asmorik ez zeukalako. Hego Afrikan behar zuen, Jeffereys Bayko proban lehiatzen, baina Tavaruan geratu zen itzelezko tuboak egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo