GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Julen zabalo | soziologoa

Helburuak gaindituta, erronka berriak

Hauteskunde emaitzen balorazioetan, galtzaileak eta garaileak zehaztea izaten da lehenengo galdera, eta atzokoetan PP eta Amaiur dira, zalantzarik gabe, garaile nagusiak. Baina hauteskunde emaitzak ez dira absolutuak, eta irabaztea edo galtzea joera orokorra eta inguruaren arabera ulertu behar da. Ikuspuntu horretatik, alde batetik, PPk irabazten du, eta PSOEk galdu, baina alderdibikotasunak dirauen bitartean, PSOEren helburua boterea berreskuratzea da, eta badaki hurrengo hauteskundeetan garaile izan daitekeela. Besteen artean, berriz, gauzak ez daude hain argi, garaile edo erdi garaile modura agertu ahal badira ere. UPNk irabazi egin du, esate baterako, baina bilatu duen aliatuarekin, ziurtatuta dauka etorkizuna? EAJk ez du galdu, edo ez du gehiegi galdu, baina Amaiur aurretik egonda, eta Euskal Herrian bizi dugun egoera berriaren aurrean, hurrengoan irabaziko duela esan dezake? Geroa Bai-k ere boto kuota garrantzitsua eskuratu du, eta diputatu bat, baina baturik jarraituko dute hurrengoetan?

Amaiurri dagokionez, aurrikuspenak zehatz-mehatz betez, guztiz arrakastatsuak suertatu dira haren emaitzak, baina haren berritasunak ezina egiten du joera argia markatzea, bere barruko indarrek markatu beharko baitute, aurretik, zer balio ematen dioten koalizioari. Ezker abertzalearen ikuspuntutik, gauzak oso arin aldatu dira azken bi urteotan, eta sentsazioa areagotu egiten da urte bakarrean bi hauteskunde prozesu gertatu direlako, eta biotan emaitza paregabeak eskuratu dituelako. Batzuek pentsa lezakete, abiada honetan, independentziaren atarian gaudela... baina ez gaude, eta hobe horrela, agian, halako prozesu batek eskatuko lukeen prestaketa ez baitugu gaur egun.

Izan ere, hauteskunde garaipen hutsek ez lukete bermatuko, berez, independentzia prozesu bat. Izaera desberdineko bi erreferentzia ditugu, gaur egun, hori esateko. Batetik, iraganean negoziazio saioei eman zitzaien balio absolutu bera orain hauteskundeei ematea izango litzateke. Beste aldetik, bide berrien beste erreferentzia bat, momentu honetan, Kataluniako Estatutua izan liteke. Hala ere, denek huts egin zuten, eta bi arrazoi nagusi erabili dira porrotak azaltzeko. Lehena Espainako gobernuen konpromiso falta da: esaten den bezala, negoziazio prozesuetan, batek ez badu nahi, ez dago negoziatzerik. Bigarrena, herriaren pasibitatea. Aljerren, Loiolan, Lizarra-Garazin edo Kataluniako estatutuaren kasuan, herriaren inplikazio edo barneratze falta aipatu zen porrotaren arrazoi modura. Ez da geratzen argi, egia esan, zer esan nahi duen inplikazio mailak, edo zer neurri behar den horretarako. Eta jakin behar da, bestalde, eragile politikoen inplikazioa herriaren nahiarekin bat egiteko. Erraz egiten da, adibidez, manifestazio erraldoia Espainiaren oztopoak salatzeko, baina prest daude alderdiak, adibidez, mila manifestazio antolatzeko, eta prest dago jendea joateko?

Hauteskundeak amaitu dira, momentuz, eta emaitzak ezin hobetzat jo behar dira Bildurentzat eta Amaiurrentzat. Hasierako helburuak bete egin dira. Gauzak ondo joan direlako, orain erronka berriak, eta maila goragokoak, jarri behar dira. Zalantzarik gabe, aurrera goaz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo