Gobernuaren osaketaz baino, estatuaren beraren etorkizunaz hitz egin beharko lukete Belgikan
Elio Di Rupo, Belgikako Gobernua osatzeko lanak gidatu behar zituen politikariaren dimisioak, hautsak harrotu ditu estatu horretan. Urte eta erdiz bitarteko exekutiboarekin moldatu behar izan dute bertan, azken hauteskundeen ostean ezinezkoa suertatu baitzitzaien gobernua osatzea, eta hauteskundeetako irabazlea, N-VA alderdi flandriar abertzalea, alde batera utzita gainontzeko alderdien artean akordioren bat erdiesteko aukera zegoela ematen zuenean, azken gertakari honek kolpe gogorra eman die oraindik belgikar Estatuan sinesten dutenei. Eta hauek, dena esan behar bada, gero eta gutxiago dira.
Di Rupok igandean aurkeztu zion dimisioa Alberto II.a erregeari, defizit publikoa apaltzeko hartu beharreko neurri ekonomikoen gainean erabateko desadostasuna zutelako akordioa bilatu nahian dabiltzan sei alderdiek. Baina auzi honi garrantzirik kendu gabe, Belgikako Estatuaren arazoa ez da hori. Arazoa ez da ekonomikoa. Arazoa egiturazkoa da, eta Estatuaren beraren bideragarritasunari erantzuten dio. Eta alderdiek ondo dakite hori. Horregatik, gobernuaren osaketaz baino, hobe lukete Estatuaren etorkizunaz, edo etorkizun faltaz, hitz egitea.