GARA > Idatzia > Kultura

«Gerrako ipuinak», suntsitutako euskal belaunaldiaren omenez

Sunti Amilibia iheslariak (Donostia, 1917 - Txileko Santiago, 2010) idatzitako eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak kaleratutako liburuan, idaztea justiziaren aldeko arma bat da eta iraganeko ametsak oraingoez hornitzen dira. CD bat ere badakar, kantu berriz beteta.
p049_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak aurkeztutako «Gerrako ipuinak» liburuan lehena eta oraina elkartzen dira, Ken Loachek adierazi bezala, iraganari buruz egia erraten badugu, akaso gai izanen garelako orainari buruz ere errateko. Sunti Amilibiak idatzitako ipuinok 1936ko gerran gertatutakoak kontatzen dituzte eta «ahaztuta geratu ziren herri eta herrixketako errepublikano, abertzale, miliziano eta gudariak» oroitarazten dituzte. «Gerrak suntsitutako euskal belaunaldi osoari» egindako omenaldia da lana.

Julia Monje Intxortako kideak agertu zuenez, kontent egonen litzateke Amilibia hemen balego. 2006an Donostian izan zen Txalapartarekin kaleratutako «Diario de la nostalgia» aurkezten. «Asko gozatu zuen eta esan zuen segur aski ez zela bueltatuko. Zoritxarrez, hala izan da». Idazketa arma gisa erabili zuela nabarmendu zuen Monjek, Angerrek «Bestelako maitasun bat» kantuan dioen bezala, askatasunaren banderak baduelako kolorerik. Angerrek, bertze hainbat musikari gazterekin batera, abesti berriak sortu dituzte liburuko testuen eta gerrako gertakarien gainean, zubia eraikiz eta galdera bat eginez: «Noiz arte justiziarik gabe?».

Bide Ertzean, Anger, Gose, Andoni&Petti, Eñaut Zubizarreta eta Xarmaren musikak hornitu du «Noiz arte justiziarik gabe» diskoa. Iker Fernandezek, aldiz, poemak erantsi dizkie ipuinei. Poetarentzat, ederra izan da hainbertze jende elkarrekin aritzea, eta halakoak egiten jarraitzea opa zion Intxortari.

Bide Ertzean-eko Jon Ander Ubedak hagitz hurbil sentitzen du elkarte honen lana, taldeak memoria historikoa jorratu baitzuen «Non dira» diskoan. Goseko Ines Osinagak, azkenik, hemendik 50 urtera «Noiz arte justiziarik gabe» izeneko diskorik egin behar ez izateko desioa agertu zuen.

BIKTIMA GUZTIAK

Juan Ramon Garai Intxortako kideak «frankismoaren erreforma garaile atera» eta faxisten hilketak auzipetu gabe daudela ekarri zuen gogora. «Biktima guztiak berdin tratatu behar dira», aldarrikatu zuen.

IPUINEN EDUKIA

Epaitu gabe fusilatutako lagunak, Iparraldera ihes egindako milizianoak eta, idazlea bera bezala, erbesteratutako pertsonak agertzen dira ipuinetan, poemaz, argazkiz eta dokumentuz lagunduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo