ZIENTZIA
Durban eta gure planetaren etorkizuna
MIkel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Gaur egungo giro ekonomiko gaitzarekin zaila da berotze globalari astirik ematea. Katastrofe gehiegi dira denbora berean. Horixe egin beharko dute, ordea, munduko estatuburuek, datorren astelehenetik aurrera, Hegoafrikako Durban hirian izango baita NBEko goi bilera, berotze globalari buruzkoa.
Printzipioz, Durbanen adostu beharko lukete nazioarteko akordioa, CO2 isuriak mugatzekoa, eta akordio hori Kyotoko Protokoloa jarraituko lukeena izango litzateke, adostuko balute. Premiazkoa da emaitzak lortzea biltzar horretan, Kyotoko Protokoloa datorren urteko abenduaren amaieran agortzen denez.
Beraz, ez da nahikoa, Barack Obamarentzat, AEBen zorrak nola ordaindu (edo ez ordaindu) erabakitzea, edo Angela Merkelentzat, euro eremuaren apokalipsi ekonomikoa nola ekidin; orain apokalipsi klimatologikoa ekiditea ere agenda politikoan dute, beren kezkak lehendik ere gutxi ez eta.
Durbaneko bilera, zoritxarrez, ez da historial onarekin ospatuko. Ahaleginak egin dira dagoeneko, Kopenhagen eta Cancunen, akordiorik lortu gabe. Oraingoan ere, akordio arrakastatsua lortzeko itxaropenak urriak dira.
Sarritan esaten da AEBak eta Txina direla akordio bat lortzeko oztopo nagusia, baina arazoa konplexuagoa da. Nire irudiz, Kyotoko Protokoloak sortu zituen expektatibak dira arazo nagusia. Estatu garatuentzat CO2 isurien kuotak ezartzen ditu protokoloak, baina gainerakoentzat ez du inolako baldintzarik ipintzen. Ondorioz, garatzen ari diren estatuentzat primerako akordioa da, batez ere Txina eta Indiarentzat.
Herri hauetan gorantz egin dute CO2 isuriek azken hamarkadan, beren garapen ekonomiko erraldoiari jarraituz, baina Kyotok ez du horri buruz inolako mugarik ezartzen. Beraz, Kyotok sortu du mentalitate moralista eta ezberdintasunak finkatzen dituena, esanez berotze globala mendebaldeko estatuen ardura dela, eta herri garatuengan dela karbono isuriak gutxitzeko neurriak ordaintzea.
Oraingo egoera ekonomikoak erakusten ditu logika honen kontraesanak. Azken hiru urteetan munduko ekonomiaren grabitate zentroa ekialdera higitu da dramatikoki: mendebaldean zorpea eta likidezia eza endemikoa ditugu, eta ekialde urrunean, ordea, eta bereziki Txinan (baina baita ere petrolio estatuetan eta Indian) merkatu balantza positiboa da oso, eta diru faltarik ez da.
Txinako kasuan, urteroko merkatu balantza hainbestekoa denez, behartuak dira dirutza erreserbak mendebaldeko estatuen zorretan inbertitzera, diru merkatuen oreka mantentzeko.
Beraz, giro honetan ez du inolako zentzurik Kyotoko Protokoloak sortu duen karbonoko merkatuak. Honen bidez, mendebaldeko enpresak beren CO2 isurien arabera ordaintzera behartuak dira; "karbono finantza" horren bidez, Txinan eta beste herrietan energia berriztagarrietako proiektuetan inbertitu egiten da. Laburrean, zorpean diren estatu nagusiek likidezia gehien duten estatuen energiako azpiegiturak ordaintzen dituzte.
Hori Kafkaren eleberri bateko materiala da. Ez da gaur eguneko egoera ekonomikoari egokitua, duela hogei bat urtekoari baizik.