Lander GARRO Idazlea
Garaileak
Kanta eder bat entzuten dudan bakoitzean, harrituta geratzen naiz nolatan egon litekeen oraindik edertasunaren aldeko borrokari lotuta segitzen duenik. Errazkeria eta utzikeria hain dira hautu erosoak! Edertasunak tema eskatzen du, obsesioa, gaixotasuna. Ez bazara gaixoa, ez duzu egingo. Ze garaile azaltzen gara gaurko sortzaileok, merkatuaren arauak ezagutzen ditugulako. Merkatuak ez ditu outsider-ak nahi, galdu da garai bateko alkoholikoen eta yonkien xarma. Ez dugu haien minaren zintzotasuna entzun nahi, haien lantua. Sortzaileak, beraz, eder eta gazte eta garaile izan behar du gaur. Eta hemendik kanpora joaten garenean, kongresuren batera eta azokaren batera, hemengo enbaxadore izendatzen gaituzte. Garaileak garelako. Ze garaileak ez bagara, ez goaz. Ez dute enbaxadore gisa edozein sortzaile nahi, hemengo sorkuntzaz han hitz egingo duena, hemengo poz eta atsekabeez: ez, arrakastatsuen leinukoren bat nahi dute, liburuen edo partituren artean politikarien artean bezala mugi litekeena, sortzen bezain ongi moldatzen dena luntxetan, ez duena gauza ezegokirik esaten, ez dena alfonbra gainean oka egiten hasiko. Gogora ezazue Oteiza zena, nahi zuenean purrustaka hasten zen jenioa. Gaur ez duzu halakorik topatuko. Halakorik badago, noski, baina kendu egin dizkiete bozgorailuak. Gaur egun, honenbestez, miraria dirudi artea deitzen duten hori badenik ere sinestea, ze edertasunak ez baitu ariman min ematen, eta minik ematen ez duenak ez du arterik sortzen. Orduan, zer geratzen zaigu? Behinola baino askoz ere baztertuago bizi diren artista zinezkoak, basatiak, ETB2n agertzen ez direnak, eta artea zer den ez dakiten artista gafapastadun hiper-arrakastatsuak. Frankismoak garrotearekin lortu ez zuena kapitalismoak lortu baitu: zinezko artistak isilaraztea.