GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Hibai Castro | Bilbo

Patxi Lopez ez da inolaz ere okupa

Adi-adi entzun zintudan belodromoko ekitaldian, Iñaki Antiguedad. Trebetasun handiz plazaratu zenituen mezuak; denboraz oso mugatuta dagoen tarte batek uzten duen neurrian. Gustatu zitzaidan nola josi zenituen umorea, pedagogia eta kontundentzia. Aulkitik jaiki nintzen Jon Idigoras gogora ekarri zenuenean, irribarre egin nuen klima politikoaren beroketa globala aipatu zenuenean, eta oharrak hartu nituen bozkatzeko asmorik ez zuen gure lagunari hau bumeran botoa dela azaltzeko eskatu zenuenean; hau da, parlamentu arrotz baterako hauteskunde arrotzak izan arren, botoa hemen eman, Madrilera iritsi eta bueltan, indar harturik, gure herrira itzultzen den bumerana, alegia. Baina ñabardura bat egin nahi nizuke. Datorren urtean Lakua hartu eta bertako okupa botatzeko aldarria egin zenuen. Eta txistea harrapatu nuen. Baina Lopez ez da inolaz ere okupa, kolonoa da. Ajuria Enea ez zegoen hutsik eta abandonaturik. Ez zen armiarma eta saguen erreinua (agian bai zentzu metaforikoan, baina ez behintzat zentzu literalean). Lopezek ez du lanez eta ilusioz hilda zegoen etxe bat berpiztu. Lopezek ez du etxebizitza bat eskuratzeko arazorik. Izatekotan, arazo hori betikotzen duten lagun handiak ditu. Lopezek ez dio aurre egiten etxebizitza pribatua eskuratzera eta hipotekak itota egotera behartzen gaituen sistema honi. Lopez ez da inolaz ere okupa. Baina Lopez bada kolonoa. Indar arrotzek menperatu eta kudeatutako eremu bateko arduraduna da. Ñabardura txikia da, baina badu bere garrantzia.

Besarkada bat eta animo, ez baita xamurra izan behar hipokritaz, zinikoz, lapurrez eta zapaltzailez betetako publiko baten aurrean mintzatzea inperioaren hiriburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo