GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aurrekontuek euskara bazterrerago uzten dute

Lakuako Gobernuaren 2012rako aurrekontu proposamenaren arabera, hizkuntza politikak askoz baliabide gutxiago izango ditu, hartarako partida nabarmen murrizteko asmoa baitu Exekutiboak, eta Nafarroako Gobernuaren proposamenak ere joan den urteko aurrekontu murritzak areago murriztea aurreikusten du. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, bi proposamenok aztertuta, ondorio guztiz ezkorrera iritsi da. Kontseiluak atzo azaldu zuenez, aurrekontu horiek ez dute herritarren eskaria asetzeko balio, urriak direlako eta, gainera, ez direlako modu egokian inbertitzen. Nafarroako egoera bereziki kezkagarria dela salatu zuen Kontseiluak, euskararen aldeko mugimendua ekonomikoki ito nahi dutela esanez; hedabideen partida desagertzea adibide bat baino ez da.

Oraingoan krisiaren aitzakian egin nahi dituzten murrizketak ez dira kontu berria, baina bai oso larria. Ez baita berria euskara, Euskal Herriko hizkuntza eta, beraz, Araba, Bizkai, Gipukoa eta Nafarroakoa, bere lurraldeetako administrazioek berek baztertua eta mespretxatua izatea. Hitz politak esanez bakarrik ezin da hizkuntza baten normalizazioan aurrera egin, hartarako borondatea ez baita iragarri behar, erakutsi baizik. Ez da berria aurrekontuak murriztu behar direnean euskara, eta oro har euskal kultura, kaltetuena izatea -oraingoan, gainera, oinarrizko zerbitzu publikoekin batera-, baina oso larria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo