GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomia Eraikiren III. Foroan euskal lurraldeen arteko harremanak aztergai

Ipar Euskal Herriarentzat estatus egokiena autonomia dela gizarteratzeko, Autonomia Eraiki ekimenak eztabaida foroa antolatu du aurten ere. «Egun Euskal Herrian bizi den unearen garrantzia» nabarmenduta, gomita berezia egin diete hautetsiei, baita abertzale ez direnei ere.

p017_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Aurten ere, hirugarrengoz, Autonomia Eraiki taldeak (AE) eztabaida foroa antolatu du estatus juridiko-politiko horren nondik norakoak aztertu eta hedatzeko xedearekin.

Foroa iragartzearren Baionan egindako agerraldian Ttotte Etxebestek nabarmendu zuen moduan, «hirugarren foro hau aro berezian» gauzatuko da. Alde batetik, «Euskal Herria Estatu frantses eta espainolarekin duen gatazkatik ateratzeko ezker abertzaleak urrats garrantzitsuak» eman dituelako, eta bestetik, Estatu frantsesean lurral- de erreforma abian den honetan, une are aproposagoa delako Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat autonomiaren egokitasuna nabarmentzeko.

Battit Amestoi Uztaritzeko hautetsiak sei arrazoi azaldu zituen estatus horren alde egiteko. Horien artean, lurraldeen erreforma horrek, gaur egun planteatzen den moduan, «Euskal Herriaren, euskararen eta euskal populuaren desagertzea» dakarrela nabarmendu zuen hizlariak. «Egiazko genozidio instituzionala» litzateke, bere esanetan.

Munduko gainerako herriak bezalaxe, «Euskal Herriak ere bere geroa autodeterminatzeko eskubidea» duela gogoratu zuen zinegotzi abertzaleak. «Bake prozesuaren baitan aterabide politikoa benetakoa izango bada», ezinbestean Ipar Euskal Herriaren aitortza ofizialarekin lotua izan behar duela gaineratu zuen, autonomia «amets huts bat baino, hemen, gure etxean eraiki daitekeen egitura» dela goraipatuta.

Ildo horretan, abertzaleez harago, beste ordezkari politiko batzuen ikuspegia «aldatzen» ari dela nabarmendu zuen, Aieteko Konferentzian zenbaitzuk parte hartu izana edota Batera plataforman ari direnak aipatuta.

Hiru saio

Hiru saio izango dira, guztiak Baionako Gaztelu Berriko IUTn. Lehena, bihar, 20.30etik goiti abiatuko da, eta Åland uharteen autonomia aztertuko dute.

Larunbatean 14.00etatik 15.45era eskumen osoko unibertsitateaz arituko dira Antoine Aiello Korteko unibertsitateko lehendakari korsikarra, Xalbat Berterretxe (IUT), Jean Roch Guiresse (Estia) eta Jean-Pierre Massias (Zuzenbide fakultatea).

Azkenik, 16.00etatik aurrera, Ipar eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak sendotzeko eta Akitania-Euskadi eskematik irteteko premiaz mintzatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo