Kulturaren «hiriburu» bihurtuko dute Durango, arlo berriak jorratuz
Abenduaren 4tik 8ra «euskal kulturaren hiriburu» bilakatu nahi dute Durango, «XXI. mendeko topagune». Azoka publiko guztiari zabaltzen saiatuko dira inoiz baino gehiago, eta, horretarako, hiru gune berri sortu dituzte: ikus-entzunezkoen leiho bat; antzerkigintza azaltzeko bertze bat; eta azkenekoa, teknologia berrietako ekimenak ezagutarazteko. 200 ekitaldi eta 434 izenburu berri eskainiko dituzte 46. edizio honetan, «norabide berri» batekin.
Maider IANTZI | DURANGO
Kamioika ailegatuko dira euskal kultur produktuak aurki Durangora eta prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri Landako gunean: standak muntatzen, instalazioak jartzen... Erregai berriz beteta datoz, indartsu eta gogoz, atzoko aurkezpenean adierazi zutenez. Gainera, 46. edizio hau berezia izanen dela nabarmendu zuen Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak, ez duelako gai bat ardatz gisa hartzen, norabide bat baizik. Azaldu zuenez, norabide berri horretarako zutabeak jartzeko urte anitz daramate hausnartzen eta mantso ari dira erabakitzen, gauzak ongi pentsatuta. «Gizarteak erakutsi digu era berriak daudela kulturan barneratzeko, eta adierazpide horiei lekua egiten hasiko gara. XXI. mendeko topagune bihurtuko gara, publiko guztientzako azoka izango gara, besteetan baino gehiago», baieztatu zuen.
Mujikarekin batera izan ziren Landakon ekimen honetako bertze hainbat partaide: Jon Irazabal zuzendaria; Lurdes Auzmendi Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Miren Dobaran Aldundiko Euskara zuzendaria; Aitziber Idigoras Durangoko alkatea eta Roberto Fernandez Sobrado, aurtengo kultura gonbidatua den Galiziako ordezkaria.
Irazabalek gogora ekarri zuen 1965ean elizpean lehendabiziko azoka antolatu zutenekoa. Orduan, merkatu bat prestatu zuten alde batetik, liburuak kaleratzeko asmoz. Horrekin batera, ordea, dantzariak, soinu-jotzaileak eta artista gehiago ekarri zituzten osagarri gisa. Geroago, areto bat edukitzea lortu zuten; hitzaldi eta mahai-inguruentzako leku bat, baita «haserreentzat» ere, zuzendariak aitortu zuenez. Orain dela hogei urte ikusi zuten haur eta gazteek beren txokoa behar zutela eta hala sortu zuten Haur Literatura Aretoa. Eta ondotik etorri zen Ahotsenea orain dela lau urte. Haurrei eskainitako aretoan, aurten, nobedade gisa, seme-alabek eta gurasoek elkarrekin parte hartzeko lantegiak eginen dituzte. Bideo-jokoei buruzko tailerra antolatu dute Artelekuk eta Tabakalerak, eta ilustrazioari buruzkoa, berriz, Galtzagorrik.
Artisten emanaldiak ikusteko eta eurekin harreman zuzena izateko aukera ematen duen Ahotsenean, 95 aurkezpen eginen dituzte bost egunetan. Aurten egun bat gehiagoz edukiko dute zabalik sortzaileen gunea.
Irazabalek agertu zuenez, bertze forma batzuei atea zabaltzeko beharraz ohartu dira, eta hala sortu dituzte hiru gune berri. Lehendabizikoa, Irudienea, abenduaren 6tik 8ra irekiko dute. Bertan, 50 lagunentzako ikus-entzunezko areto bat egokituko dute autobus baten barrenean eta euskarazko film laburrak, musika taldeen bideoklipak eta berritasun gehiago aurkeztuko dituzte. Sortzaileek ere hartuko dute parte emanaldietan.
Bigarren gune berria, Szenatokia, San Agustin Kultur Gunean atonduko dute, eta Azoka TBtik eta Bizkaia Irratitik zuzenean emanen duten irakurketa dramatizatuarekin emanen diote hasiera. Antzerki maratoia, mahai-ingurua eta antzezlan baten estreinaldia izanen dira. Azkenik, Kabi@n, sareko eta euskarri teknologiko berrietako ekimenei eginen diete lekua. Azokako aretoa egokituko dute horretarako abenduaren 5ean eta 6an eta, bertzeak bertze, euskarazko Wikipediak hamar urte bete dituela ospatuko dute edizio-maratoi batekin.
Galizia, kultura gonbidatua
Azokaren hasiera eta amaiera ekitaldiek kultur gonbidatuarekin, Galiziarekin, izanen dute lotura: Anton Reixa abeslaria arduratuko da inaugurazioaz eta «Galizia denok gara» izeneko hitzaldia emanen du. Itxiera, aldiz, musikarekin eginen dute. Mikel Urdangarinek eta Acrobatak taldeak herri musiken aberastasuna erakutsiko dute Plateruena kafe antzokian.
Roberto Fernandez Galiziako Culturgaleko ordezkaria da, ikus-entzunezkoak, teknologia berriak eta kulturako bertze hainbat arlo barne hartzen dituen elkarte garrantzitsukoa. Kontatu zuenez, Pontevedran ere azoka bat antolatzen dute: «Berria da Durangokoarekin konparatuta, baina erreferente da jada Galizian eta 130 proposamenetik gora ekarriko ditugu aurten. Hiriko alde zaharrean ere ekimenak eginen ditugu, eztabaida foroak profesionalekin...». Durangora arlo anitzetako lagin batekin etorriko dira, euren kultura ahalik eta zabalen erakusteko. Adibidez, Dario Xohan Cabana idazle galegoa eta Pako Aristi euskalduna idazteaz eta hizkuntza bietan literaturak bizi duen egoeraz solasean arituko dira, Euskal Herrian bizi den Xose Estevez idazle galiziarra zirikatzaile dutela.
Argizaiola, Iñaki Beobideri
Iñaki Beobide Agirrezabalaga (Zumaia, 1934) Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileak jasoko du Argizaiola saria. Honek euskal kantagintza berria deitutakoaren disko ugari grabatu zituen Donostiako estudioan. Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen; Ikuska liburu saila sortu zuen; eta ETB sortzen parte hartu. Ez ziren garai errazak euskararentzat eta Gerediaga Elkarteak sasoi hartan egindako ahalegina eta lana saritu nahi ditu.
Gaurko egoera ere ez da samurra bazter guztiak astindu dituen krisia dela-eta. Eta Lurdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako Lakuako sailburuordeak, euskal kulturaren saltzaile, kontsumitzaile eta eragile guztiek bide beretik joan behar dutela adierazi zuen, bakoitza bere arloan, baina helburu argi batekin: euskara eta euskal kultura sustatzea. «Aurten ere eredu izan behar dugu horretan. Azoka egun gutxiko kontua da, baina euskaldun eta euskal herritar askoren arnasa sentitzen da, eta lortu behar duguna bihotz taupada horiek urte osoan sumatzea da, euskal kulturak merezi duen lekua eskura dezan».
Gobernuak laguntzen segituko duela azaldu zuen, bertzeren artean, bi ekimenekin: Zinema Euskaraz programa eta HABEren standa, Ikasbil ataria protagonista izanen duena. Bertze hainbat parte-hartzaile eta laguntzaile ditu azoka honek, ez zen alferrik izan elkarlana atzo gehien aipatu zuten ezaugarrietako bat. Eta Gerediagak eskerrik beroenak eman zizkien bakoitza bere neurri edo gaitasunaren arabera elkarlanera batu eta elkarteak eman nahi izan duen pauso berri honetan sinistu duten talde, erakunde eta enpresei. «Krisi ekonomiko gogorra izan arren ere, etxe pribatu batzuek proiektuarekin bat egitea erabaki dute lehenengoz», azpimarratu zuten.
Aurtengo edizioarekin etapa bat amaituko da, etorkizunera begira norabide berri bat hartzeko asmoa baitute. Horrek aldaketak ekarriko ditu antolaketan ere. Jon Irazabalen azken urtea izanen litzateke hau zuzendari karguan, sortuko den lantaldeko partaide izaten jarraituko badu ere.
Bertze behin ere bete-beteta ageri da nobedadeen katalogoa. Azokaren antolatzaileek zehaztu zutenez, urritik abendura 434 izenburu berri argitaratu dira: 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, bederatzi bideo, hamabost liburu elektroniko eta hamaika bestelako argitalpen. Mota guztietakoak daude, kultur gosez diren adin desberdinetako lagunak asetzeko.
Liburuei dagokienez, bi nobela berrirekin etorriko da Susa: alde batetik, Harkaitz Canoren «Twist» aurkeztuko du, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta ondorengo desagerpen, tortura eta heriotza oinarri dituena; bertzetik, Koldo Izagirreren «Egarri egunak portualdean», Franco hil ondoko urte mugituetako giroaren isla. Elkarrek Joxean Agirreren «Zwei frauen» plazaratuko du eta Txalapartak Asel Luzarragaren «Gezurra odoletan».
Alberdaniak Joseba Lozanoren «Argiaren erreinua» nobela nabarmendu nahi izan du nobedadeen artean eta Ereinek, aldiz, Eneko Aizpuruaren «Errauts», detektibeen istorio misteriotsua. Pamielak, azkenik, «Zarabanda» ekarriko du, Miguel Sanchez-Ostizen tonu ironiko eta kritika sozialez betea. Atzo Euskadi Literatura saria jasotako Joseba Sarrionandiaren bi liburu ere izanen dira berritasunetan, «Litterae Vasconiae» eta «Gartzelako poemak» lanaren bertsio gaurkotua. Ipuinetan, Ereinen «Izen bereziak» aipa daiteke, Modesto Arrietarena, eta biografian, Alberdaniaren «Xabier Lete: (auto)biografia bat». Haur eta gazte literaturan, Pako Aristik eta Jose Luis Zumetak «Scot Barberenaren bizitzaren lehen pausoak» bilduma ilustratua aurkeztuko dute.
Musikaren atalean, Akatu, Etxe, Berri Txarrak, Gose, Governors, Lain, Leihotikan, Lisabo, Erramun Martikorena, Mikel Markez, Matxura eta Ruper Ordorika dira zerrenda luzeko izen batzuk; bideoetan, TAT elkartea, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Esan Ozenki Records eta Eguzki Bideoak ageri dira; eta argitalpen elektronikoetan, Karmele Artetxe, Amaia Andrieu eta Mikel Haranburu. M. I.
138 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakunde etorriko dira abenduaren 4tik 8ra azokara. Iaz egon zirenetatik hamahiru ez dira egonen, baina horien ordez, hamalau eskari berri onartu dituzte.
Agertu dutenez, joan den urtean baino stand gutxiago zabalduko dituzte Landakon, bederatzi gutxiago zehazki, krisiaren eraginez. 274 postu izanen dira guztira, horietatik hamairu teknologiarekin lotuak.