Anartz BILBAO Musikazalea
Latorrizko sariak
Zutabea argitara eman orduko burutua izango dute Euskadi esperpentikoen sari banaketa; idazterakoan, ordea, ikusteke dago Gasteizen zer jazoko den; aurreko zutabean agertu genituen ametsak beteko direnetz.
Kontua da Lakua aurrezte beharraz serio demonio mintzo denean, Auzitegi Nazionalak baimenduta, Sarrionandiari zenbat eta 18.000 euroko diru saria eman beharko diola, behe-laino artean moroak garela esatearren. Iurretarrak ez ei du auzirik kitatzeke... Kultura Sailak badu zorra gizartearekin. Eta zera otu zaigu: jakin dugunaren arabera, AEBetan Power Balance eskumuturreko miragarriak saltzen zituen enpresak, publizitate makurra egitearren 40 milioi euroko kalte-ordainak banatu beharko dituenez, akaso Patxi Lopez sireak ere jaso dezakeela bere partea, amari mandatuz erosi zionagatik. Gastuei eustearren diot, horrela Euskadi Sariek ez bailiekete poltsarik hustuko kultur aurrekontu eskasei.
Aurrezteko ideiak ematen hasita, eta hau benetan diot, gaur eskuragai jarriko duten Kultura Bonoarekin (25 euroan 40 euroko kultur gaiak erosteko parada ematen duena), «Moroak gara behelaino artean» eros genezake, 29 beharrean 18 ordaindu eta autoreari gorazarre egite aldera (to mendeku kulturala!).
Gastuei aurre egiteko orduan bakoitzak bere modua duenez, Odon Elorza alkate txit ohiak ere bota du berea: ez du nahi Urrezko Danborra lortzeko hautagaien artean bere izena agertzerik gero! Diputatu jaunak latorrizkoarekin ere sobera du akaso. Kontu baina, Gunter Grassen lanean Oscar Matzerathek eroetxean bukatu zuen eta.
Elorzak badu koplatxoa, «Zarzamora»ren doinuarekin. Ez esan Urgellek ez duenik bere kantua merezi, Zesatek! taldeak Azkarateri egin zionaren moldera.