GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Borotrarentzat txirrindu bat!» kanpainan, garraio politikaren gabeziak salatuko ditu Bizi!-k

Bizi! mugimendu ekologistak kanpaina berezia egingo du Biarritzen, garraiobide alternatiboak garatzeko politiken gabezia salatzeko, hain zuzen, nazioarteko adituek berotze globalaren arriskuaz ohartarazten duten honetan, NBE Durban hirian egitekoa den gailurra dela-eta.

p019_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Klima aldaketari buruz kaleratu diren txosten guztiek «alarma gorria» pizten duten garaiotan, arazoaz ohartarazteko astebeteko kanpaina egingo du Bizi! mugimendu ekologistak, Hegoafrikako Durban hirian, azaroaren 28an hasita, Nazio Batuen Erakundeak egingo duen goi bileraren karietara. «Txirrindula bat Didier Borotrarentzat» izeneko kanpainak Biarritz izango du kokagune nagusia.

Klima aldaketa eta berotze globala orekatzeko hartu beharreko neurrietan atzerapen handia dagoela nabarmentzen dute nazioarteko egitura guztiek. CO2 emisioek 2035a bitartean %20tik gora egingo duela diote adituek, eta gaineratzen dutenez, deus egiten ez bada, 2017a aitzin tenperaturen 2 graduko emendatzea eten ezina izango da. Horiek horrela, klima aldaketari mugak jartzeko tokian tokiko ekintzak bideratzea ezinbestekoa dela dio Bizi!-k.

Baiona, Angelu eta Biarritzen urtero 1,1 milioi tona berotegi-efektuko gas igortzen dira, eta hortik 400.000 tona auto garraioak eragiten ditu. Biarritz da alternatibak emateko indar gutxien egiten duen hiria. Bizi! mugimenduaren iritziz, ekintza zehatzetara pasatzea ezinbestekoa da, eta horretarako presioa egitea erabaki dute. Autobus garraioaren plana 2013an finkatuko denez, bitartean, bizikletaren erabilera sustatzera bideratuko ditu indarrak. «Biarritzek alternatibarik ez garatzeaz gain, garraio garbien sustapena oztopatzen du BABen. Auzapezak autoaren erabilerari ematen dio lehentasuna», salatu du Bizik.

Bizikleta zoragarria oparitu

Durbaneko gailurrak irauten duen egunetan, «Bizi kleta» izeneko txirrindu zuri-gorri bat ibiliko da Biarritzeko karriketan. Azaroaren 28an egingo du lehen agerpena.

Azaroaren 29an, berriz, Aguilera kirol zelaian izango da, errugbi partida jokatu bitartean, eta «Bizi kleta»-rekin argazkia egin ahalko dute nahi duten guztiek.

Txirrinduaren ibilaldia abenduaren 3an bukatuko da, herriko etxearen aitzinean elkarretaratze «alai eta lagun girokoa» eginda. Txirrindu ibiltaria Didier Borotra Biarrizko auzapezari eskainiko diote ekitaldi berezi batean.

Biderik ez

Baiona eta Angelu ahalegindu dira azken urteotan bizikletan ibiltzeko bideak garatzen. Biarritzen aldiz, ez da bizikleta biderik, eta auzapezak gutxieneko obrak ere ez ditu bultzatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo