gaizka sarasola | mattin sarasolaren anaia
«Tortura badela frogatu nahi dugu, eta behingoz amaitzea»
Lasaitasunez hartu du Gaizka Sarasolak Mattin anaia eta Igor Portu torturatuak izan zirela dioen epaia Madrileko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi izana. Estatu espainoleko Justizia sistema ezagututa, ez dute harriduraz hartu epai berri hori. Euren senideak, beste euskal herritar asko bezala, torturatu egin zituztela frogatzea dute helburu, torturaren erabilera behingoz amai dadin.
Martxelo DÍAZ |
Mattin Sarasolaren anaia da Gaizka, Donostiako epaitegiaren arabera, Igor Porturekin batera torturatu zuten gaztearen anaia. Gorenak epai hori atzera bota badu ere, tortura badela eta behingoz amaitu behar dela dio.
Nola jaso duzue Auzitegi Gorenaren erabakia?
Hasiera batean amorrua sentitu genuen. Beharbada gurasoek hartu zuten okerrago. Dena den, kontziente ginen hau pasatzen ahal zela. Alde horretatik lasai gaude. Amorru pittin bat sentitzen duzu, Donostiako epaiketa nola joan zen eta Gipuzkoako mediku forentseak egin zuen txostena ikusita argi geratu zelako zigortzen zituzten guardia zibilak ongi zigortuak zirela. Torturatuak izan zirela frogatuta gelditu zen. Halere, gertatu dena gerta zitekeela pentsatzen genuen. Badakigu Justizia espainolak nola funtzionatzen duen.
Euskal Herrian, tamalez, antzeko kasu ugari izan dira. Zuenean, epai bat izatea lortu duzue, baina hori ez da ohikoa.
Bai, hala da. Donostian epaitzea lortu genuen, baina Madrilen aurkako erabakia hartzeko aukera ere aurreikusten genuen.
Izan al duzue zuen senideekin hitz egiteko aukera? Nola jaso dute Gorenaren erabakia?
Bai, anaiarekin egon nintzen, eta bera gu baino lasaiago dago. Honek guztiak nola funtzionatzen duen gu baino argiago zuela uste dut. Alde horretatik lasai daude, beren eguneroko gauzak egiten dituzte. Bazekiten hau gertatzen ahal zela.
Oraindik aukera dago helegitea aurkezteko beste epaitegi batera joz. Bide horretatik jarraitzeko asmoa duzue?
Abokatuen eskuetan utzi dugu hori. Ikusi behar dute zer egin behar duten, eta balio duen ala ez. Beraiek ere aitzinera jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Garrantzitsua izan zen eta da epaitegi batean argi geratzea bai Mattin eta bai Igor torturatuak izan zirela. Aitzinera egitea garrantzitsua da horregatik, ez bakarrik Mattin eta Igorrengatik: milaka eta milaka kasu gertatu dira. Epaiketa bat behintzat egotea eta tortura egon dela demostratzea inportantea da aitzinera begira noizbait Estatuak Euskal Herrian zer egin duen onartzea lortu nahi badugu.
Kasu hau beste bat bada ere, sinbolo bihurtu da.
Bai, epaitegi batean tortura existitzen dela frogatzea da kontua. Eta horrek bukatu beharra duela aldarrikatzea. Mattin eta Igorren kasua epaiketara heldu zen, Igorrekin, eskuetatik joan zitzaielako eta ospitalean bukatu zuelako. Guardia zibilek beren lana `ongi' egingo balute, biek Madrilen pasatuko zituzten bost egunak, eta torturatuak izan zirela salatuko zuten gero, baina hor geldituko zen, beste milaka eta milaka kasu bezala.
Bihar Iruñean torturaren kontrako manifestaziora deitu dute. Kalean tortura salatzen jarraitzea ere garrantzitsua dela uste al duzue?
Tortura bukatzeko eta torturaz baliatu den sistema guztia desmuntatzeko garrantzitsua da epaitegietan egiten den lana, baina horretarako ere ezinbestekoa da jendarteak Estatua norabide horretan bultzatzea. Euskal Herrian asimilatuta dago eta jendeak badaki zer gertatu izan den eta zer gertatzen den komisarietan. Tortura izan dela eta izaten jarraitzen duela jendeak barneratu duen arren, hurrengo pausoa kalera ateratzea da, horren bidez Estatua bultzatzeko zer egin duen onartzera; bide batez, jokabide hori behin betikoz bukatzeko.
«Mattin eta Igorren kasua epaiketara heldu zen Igorrekin eskuetatik joan zitzaielako eta ospitalean bukatu zuelako. Bestela, beste kasu bat izango zen»
El vicepresidente navarro Roberto Jiménez señaló ayer en el Parlamento que en las comisarías de la Policía Foral «no hay ningún espacio de impunidad» que permita la tortura.
Jiménez respondió de este modo a la parlamentaria de Bildu Aitziber Sarasola, que preguntó qué medidas piensa adoptar el Gobierno para evitar que la incomunicación siga siendo un foco de impunidad, recordando el caso de Mikel Zabalza y que cientos de navarros han denunciado haber sido torturados.
Jiménez contestó que el «Estado de Derecho tiene sus mecanismos». M.D.