Palestinarren batasuna, beren buruaren jabe izateko bidean, ezinbesteko baldintza
Al Fata eta Hamas atzo Kairon bildu izana berri ona da, lehenik palestinar guztientzat, baina herri horrek pairatzen duen bidegabekeria itzela gainditzea nahi duten guztientzat ere bai; eta berri hobea da bi aldeek maiatzeko berradiskidetze akordioari bultzada emateko agertu zuten adostasuna. Izan ere, palestinarren batasuna komenigarria bainoago beharrezkoa da, herri horrek askatasun bidean aurrera egingo badu. Ahalegin ugari izan dira batasuna lortze aldera, baina orain artean denak gauzatu gabeak, eta porrot horien onuradun nagusia Israel izan da. Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek NBEri Palestina estatu ofizial gisa onartzeko eskatu izana, batetik, eta Hamasek eta Israelek palestinar presoak eta bahitutako israeldar soldadu bat askatzeko akordioa, bestetik, palestinarren arteko lehia gisa sumatu ziren, bi gertakariak, desadostasunak desadostasun, palestinar guztien aurrerapauso gisa sumatu beharrean. Israelentzat palestinarren arteko zatiketa egoerarik erosoena izanda, haien batasuna berri txarra izango litzateke Estatu horrentzat, eta palestinarrentzat, berri ona ez ezik, ezinbesteko lorpena ere balitzateke, beren buruaren jabe izateko bidean.