GARA > Idatzia > Kultura

Rockeroago, baina ronez eta umorez blai, parranda gogoz dator Ze esatek!

Kubako ronak bustita, bigarren diskoarekin datoz Ze esatek! gipuzkoarrak. «Rock & Ron» dantzarako eta parrandarako gonbita da, baita Kubako herriarekiko elkartasun oihua ere. Aurrekoa baino rockeroagoa dela, baina «ez dadila inor beldurtu, gure esentzia mantentzen dugu», argitu dute.

p047_f02_97x128.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Azukre-kanaberatik sortutako edariak ederki berotzen ditu barruak, baita dantzarako gogoa piztu ere, eta tragoa musika dantzagarriz lagunduz gero, prest daukagu festarako koktela. Horixe da «Rock & Ron» (Oihuka), Ze esatek! gipuzkoarren bigarren estudioko lana.

Iazko Gabonetan Kubatik buelta eginda grabatu dute diskoa eta bidaia horrek utzi du, titulutik hasita, bere arrastoa. Kanturen batean ere karibear doinuak nahastu dituzte, baina orokorrean, «rockeroagoa, gitarreroagoa», dela azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean. «Soinuan aldaketa handia nabari da, potenteagoa da. Materiala ere zertxobait aldatu dugu, ikasten joan gara...».

Haritz Harreguyk lagundu du soinuaren aldatze horretan. Usurbilgo bere estudioan grabatu baitute pasa den iraila eta urria bitartean. Hala ere, garbi hitz egin zuten atzo taldeko kideek, «ez dadila inor beldurtu, gure esentzia mantentzen dugu».

Esentzia hori orain arte erakutsitako umore eta ironian mantentzen da, kantuen hitzetan batez ere. Esaterako, herenegun jakin genuen Odon Elorzak, Donostiako alkate ohiak, Urrezko Danborra jasotzeko hautagai izateari uko egin diola, baina Ze esatek!-ek badu bere proposamena: «Rebeca Linares Urrezko Danborra» izena duen kantua aurkituko dugu diskoan bildu dituzten hamar abesti berrien artean. Beste lau ere berreskuratu dituzte: «Txori Barrote 25 urte», «Ikasle eguna 2010», «Klik» eta «Erregina» kantuaren remixa. Azken hau Esne Beltzako DZ DJak egin die.

Badira salaketa kantuak ere, herrialdeen arteko elkartasuna adierazten dutenak, kasko gorrei eskainitakoak edo, besterik gabe, trago bat hartzera gonbidatzen dutenak. Joseba Sarrionandiaren «Kartzelako poemak» liburutik hautatu dute «Esperantza», gitarra hutsez jantzi dutena. Kuban bidaide izan duten Katiari ere eskaini diote kantu bat.

CDa eta DVDa, azkarrenentzat

Kuban hilabetez bizi izan zutena iruditan ere grabatuta gelditu da. Bertan ezagututako «herriko jendea» protagonista duen DVDa grabatu dute, ordubete inguruko iraupena duena, eta edizio mugatuan diskoarekin batera jarri dute salgai, hogei orriko liburuxka batekin batera.

Guztia aurkezteko, abenduaren 3an Donostiako Dokan izango dira, eta 5ean, saio bikoitza egingo dute Durangon. Goizean Ahotsenean eta gauean, Plateruenan.

ZUZENEAN

Abenduaren 3an Durangoko Plateruenan izango dira, 10ean Hondarribian eta 30ean Ondarroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo