«Landakanda, panderoaren erregea», pandero jotzailearen biografia idatzia eta musikala
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak pandero-jotzaile bati buruzko lehen disko-liburua kaleratu du: «Landakanda, panderoaren erregea», grabaketa zahar eta berriz osatutako bilduma, biografia idatzia laguntzeko.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Ramon Zubizarreta Larrañaga Landakanda 1932an jaio zen Azkoitiko Landakanda baserrian, hortik datorkio ezizena. Lehengusuek eraman zioten lehen aldiz pandero bat etxera eta probatu bezain laster gustatu zitzaion instrumentua; hala ere, panderoa ongi jotzen ikasi arte ez zen kantatzen hasi, baina hasitakoan guztiek goraipatu zuten bere abesteko modua. Geroztik hamaika soinujole lagundu ditu Euskal Herriko herrietan zehar makina bat erromeria eta ikuskizunetan bere pandero eta ahotsa ipiniz. Madrilen ere ibili zen Iñaki Garmendia Laja-rekin disko bat grabatzen.
Pasadizoz beteriko bizitza izan du. Hala, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak informazio hori guztia disko-liburu batean bildu du, «Landakanda, panderoaren erregea» izenburupean. Protagonistari ordea, ez zaio gehiegi gustatu izenburu hori, baina adjektibo horrek «artista» hitzak esan nahi duena biltzeko helburua du; liburuaren egileak, Miel A. Elustondok ere ez baititu errege kontuak maite. Lajak ere esan ohi zuen Landakanda «pandero jotzaile osoa» izan dela; «bera izan da gehien nahi izan dudana» ere esan zuen. «Ez dakit liburu bat egiteko interesa duenik, baina gustura nago emaitzarekin», azaldu zuen pandero jotzaileak atzo. Kontatutakoa ilustratzeko protagonistaren argazki ugari sartzen dira.