XVI. mendeko Gasteizera eta Ipar Amerikara darama irakurlea Koldo Zuazok
GARA | DONOSTIA
Koldo Zuazo euskal dialektologia eta soziolinguistika irakaslea da EHUn eta ogibide izateaz gain, pasio ere badu euskal hizkuntza. Aurretik gai hori jorratzen duten hainbat liburu kaleratu ditu, baina oraingoan bere lehen nobela kaleratu du Alberdania argitaletxearekin: «Neure buruaren alde».
Nobela honetan irakurleak XVI. mendera daramatza Zuazok, eta Otxandioko gazte baten abenturak kontatzen ditu bertan. Istorioan zehar hilketak, maitasuna, leialtasunari buruzko hausnarketa, traizioa... eta antzeko kontuak ageri dira.
Zuazok argitu zuenez, kasualitatez idatzi du liburu hau. Izan ere, orain 20 urte Arabako euskara ikertzen hasi zen eta dokumentu gehienak XVI. mendekoak direla ohartu zen. Hortxe hasi zen abentura guztia. Baina liburua hiru oporralditan sortu du; denbora-pasa moduan hasi zuen idazketa Zuazok, dibertimendu hutsez.
Hizkuntzaren alorra bere espezialitatea dela-eta, zeresan handia du lan honetan. Argi izan zuen hasieratik anakronismo batzuk saihestu behar zituela. Ez du «idatzi» hitza erabili, Sabino Aranak asmatutako hitza baita, eta horren ordez, «eskribatu» erabili du; «garrantzitsu» hitzarekin berdin jokatu du. Bestetik, «azkenaldian asmatutakoak» ere kanpoan utzi ditu, baina lan horrek ez du «itsutu». Hitzak asmatu ere egin ditu pertsonaia gazteen argotaren erabilera islatzeko.
Liburua euskara batuan idatzita dago eta euskalkien erabilera pertsonaien arabera antolatu du, bakoitzaren herriaren arabera hitz batzuk jatorrizko euskalkian esaten baitituzte pertsonaiek.