GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Buruan derbia dutela arituko dira gaur Aviron eta Biarritz

Zuri-urdinek Lyon hartuko dute eta zuri-gorriek, berriz, Parisen jokatuko dute.

p044_f01_97x112.jpg

Jon LEUNDA

Asteartean jokatuko den derbiari begira jarrita daude jadanik Aviron eta Biarritz, baina aurretik neurketa oso garrantzitsuak izango dituzte gaur iluntzean. Zuri-urdinek Lyon hartuko dute 20.00etatik aurrera Jean Dauguer zelaian, eta zuri-gorriek Racing Metro Parisi egingo diete bisita, ordu erdi geroago hasiko den norgehiagokan.

Ligarik ez da izan azkeneko bi jardunaldietan, eta aurrekoan, berriz, Anoetan jokatzekotan ziren derbia atzeratu egin behar izan zen. Europan, berriz, Avironek bi garaipen garrantzitsu eskuratu ditu, eta final-laurdenak jokatzeko bidea egiten ari da. Hala ere, zuri-urdinen helburua Liga da, eta ez dabiltza hasieran nahi zuten bezain ongi.

Gaurkoa irabazi beharreko partida horietakoa da. Lyon hartuko du, eta frantziarrak sailkapeneko azken-aurreko postuan daude, Biarritzek baino bi puntu gehiagorekin. Gaur galtzea sekulako kolpea izango litzateke hiriburukoentzat. Askorentzat, gainera, irabazteak bakarrik ez du balio gaur, erasoko puntua ere lortzea nahi baitute zaleek. Hori dena lortuta urrats handia emango luke aurrera, baina gauzak dauden bezala, irabaztea bakarrik ere ez litzateke txarra.

Lyonen denboraldia ez da oso ona izaten ari. Bi partida irabazi ditu, bat berdindu eta bost galdu. Jaitsierako postuan dago, eta hortik irtetea asko kostatuko zaiola dirudi. Gaur Baionara zerbaiten bila datoz, eta saiatuko dira etxekoak estu hartzen, eta gutxienez puntu bat lortzen.

Biarritzek, berriz, partida oso zaila izango du Parisen, baina zuri-gorriek jadanik ezin diete begiratu aurkarien mailei, beraiek behar baitituzte puntuak. Europan jokatu dituzten bi partidetan itxura dezente hobetu dute, eta Munduko Txapelketan aritu diren jokalarien itzulerak mesede egin diela oso nabarmen geratu da. Sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta hortik irteteko garaipenak ahalik eta azkarren behar dituzte. Beste porrot batek egoera asko okertuko lieke euskaldunei. Oraindik partida bakarra irabazita daude, eta hori Liga hasi aurretik esan izan balitz, inork ez zukeen sinetsiko. Frantziako taldea, berriz, bosgarren postuan dago. Ligako lehen bi postuetan amaitzeko asmotan hasi zuen denboraldia, finalerdiak zuzenean jokatu ahal izateko. Horretarako gaur iluntzeko lau puntuak ezinbestekoak dituzte, baina Biarritzeko jokalariek ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo