GARA > Idatzia > Kultura

Joseba Asensio «Kirruli» omendu du aurten Ataramiñek, duela 25 urte kartzelan hildako bilbotarra

Hamargarrenez, Ataramiñek euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak aurkeztu ditu. Mikel Antzaren eta Ibon Muñoaren poesia liburu bana eta Borxa Urberoagaren komiki liburua ere editatu ditu aurten.

A. ARRUTI | BILBO

Joseba Asensio Kirruli duela 25 urte hil zen Herrera de la Manchako kartzelan preso zela, eta Ataramiñe elkarteak azken hamar urtetan argitaratzen duen euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa berari eskaini nahi izan dio aurten. Garai hartan «Egin» egunkarian agertutako titularrak eta Erramun Landak, Jokin Urainek eta Jon Iturriaga Baltimorek eskainitako lanak bildu dituzte, besteak beste. Joseba Sarrionandiaren «Kartzelako poemak» liburutik hautatutako poesia batekin osatu dute kontrazala.

24 preso politikok parte hartu duten lan kolektiboa da hamargarren koaderno hau ere. Prosa, poesia, bertsoak, margoak... biltzen dira. «Beti bezala arazoak izan ditugu lanak jasotzeko, gutunak bueltatu dizkigute... baina kartzela eta sakabanaketaren egunerokoan sartzen da», esan zuen Mitxel Sarasketa Ataramiñeko kide eta preso ohiak.

Hitzaurrea Oier Gonzalezek egin du, kartzelan egon ondoren kanpora ateratzean bizitako prozesua azalduz. «Bi planotan planteatu dut: barruan dagoenaren espektatibak batetik eta, bestetik, kanpora ateratzean, nola ikusten duzun egunerokoa ez dela hain distiratsua, nahiz eta edozein gauza txiki kanpoan egiteak berak baduen distira».

Bestalde, Ibon Muñoa eibartarraren «Ametsen txokoan bizi naiz» poema liburua ere argitaratu du Ataramiñek. Preso dagoenetik pasa dituen hiru kartzeletan idatzitakoak dira, kronologikoki ordenatuak.

Dagoeneko kalean den Borxa Urberoagak, berriz, «Espetxetik at» komikia egin du. «Barruan espresioaren mutilazioa ematen da, bertan gertatzen dena ez kaleratzeko», esan zuen. «Ahal izan dudan heinean, umore klabean egin dut, kanpoko jendeari erakusteko nola kudeatzen diren graduak, isolamendua...».

Datorren ostiralean Antzaren «Bakarmortuko kronikak» aurkeztuko dute Donostian, eta Durangoko Azokan ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo