GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ANALISIA | A-20KO HAUTESKUNDEEN OSTEAN

Geroa Bai-ren emaitza

Datu bitxia utzi dute hautestontziek Nafarroan aurreko igandean. Ohikoa denaren aurka, Amaiurrek boto gehiago jaso ditu Senaturako Kongresurako baino, eta pentsatzekoa da Senatuan Amaiurren alde egin duten milaka boto-emailek Uxue Barkos nahiago izan dutela Kongresurako. Hausnarketa mamitsua egin du Galder Gonzalezek Geroa Bairen emaitzaz, zuzeu.com agerkari digitalean.

p006_f01.jpg

Galder GONZALEZ

Bazuen geroa, bai, Uxue Barkos eta EAJk gidatutako proiektuak. Gehienontzat sorpresa izan da eta, egia esan, larri ibili da bakar hori ateratzeko, baina eremu politiko berria, nahiz heterogeneoa, sortu da Nafarroan. Lehen aldiz historian bi ordezkari abertzale egongo dira Madrilgo Gorteetan Nafarroa ordezkatzen eta horrek ere izango du eragina gauzak ikusteko moduan. Hala ere, «Uxue Barkos» markak eta PSNren beherakadak badute eragina, nire ustetan.

Oso datu onak ditu Geroa Baik. Pentsa, PNVk bakarrik aurkeztu izan balitz horien hamarren bat lortuko zuela gehienez, batez ere zonalde euskaldun eta abertzaleak. Baina Geroa Baik beste esparru soziologiko bat ordezkatzen duela uste dut eta Uxue Barkos Madrilera eramateko lortutako botoak oso heterogeneoak direla uste dut. Hemen burura etortzen zaizkidan hainbat faktore:

Uxue Barkos marka gisa

Bera izan da Geroa Bairen kartel, ekimen eta hitzaldi guztien erregina. Aurretik egindako kudeaketa defendatu du, baita ondo defendatu ere, eta horrek jende asko erakartzen du bestetik oso hankamotz zegoen eskaintza batera. NaBai osatu zuten lau alderdietatik bakarra geratzen zen. Beraz, Amaiurren barruan zeuden bi alderdiek zein I-Eren barruan zegoen besteak erraz har zezaketen NaBairen espirituaren oinordekotza. Baina ez dute egin, Uxue Barkosek ordezkatzen zuelako, beste inork baino hobeto, ideia hori. Zenbat boto jaso ditu Geroa Baik Barkos aurkeztu dutelako? Oso zaila da jakitea, nahiz eta pista batzuk baditugun:

Alderdi gehienek boto kopuru ezberdina izaten dute Kongresuan eta Senatuan. Batzuetan jendeak ez duelako bozkatzen Senaturako, ez dituelako pertsona berberak aukeratzen (bigarren edo hirugarren aukeran aldatzen duelako) edo korapilotsua delako... baina alderdiek kopuru txiki bat galtzen dute. Guztiek? Ez, Amaiurrek boto gehiago jaso ditu Nafarroan Senaturako Kongresurako baino. Eta datu guztiak aztertu ez ditudan arren, ziur asko, kasu bakarra izango da Estatu osoan.

Geroa Baik, ordea, izugarrizko beherakada du Senatuko bozkari dagokionez. Amaiurrek 7.000 botoko aldea atera dio Kongresuan eta, aldiz, 14.000koa Senatuan. Ez litzateke oso harrigarria izango 7.000 bat pertsonak Amaiur edo beste aukeraren bat bozkatu izana Senatuan eta Geroa Bai Kongresuan, Uxue hor dagoelako. 7.000 botoko aldea oso handia da, jaso dituen botoen %20a. Gainera, efektu hau argiagoa da Iruñean, non 3.500 botoren diferentzia metatzen den Amaiurrekiko Kongresu-Senatu eremu horretan.

Beraz, Uxue Barkosek kargua lortu izanaren arrazoia (gogoan izan 1.000 boto gutxiago atera izan balitu UPN-PPk eramango zuela) bera aurkeztu dela da, dudarik gabe.

PSNren gainbehera

PSNren gainbeherak bi modutan eragin dio Geroa Bairi. Alde batetik, merkeago jarrita Nafarroako bosgarren ordezkaria eta, bestetik, boto transbase txikia eginez. Zaila da hau ere kuantifikatzea, baina argi ikusten da PSNk izandako jaitsiera izugarria ez dela osorik abstentziora joan, baina, aldi berean, I-E edo Equo bezalako alderdiek ez dutela hori guztia konpentsatzen. PSNko sektore batek ez du begi onez ikusten UPNrekin dagoen akordioa eta, baliteke, nahiago izatea Nafarroan ere NaBai 2011rekiko gerturatzeko mezua izatea. Geroa Baik, modu batean, abertzaletasuna baino euskaltzaletasuna adierazten du Nafarroan, PSNren inguruan dagoen jende askok ondo ikus dezakeena eta, maila batean, Nafarroako sektoreen arteko lotura lana egin dezakeena.

Iruñetik hegoaldera

Konturatzen bagara, Amaiurrekiko duen aldea gero eta txikiagoa da hegoalderantz mugitzen bagara. Lizarraldean, Tafalla inguruetan, Erriberan eta Iruñerriko herri askotan indartsu agertzen da Geroa Bai; aldiz, ahula da Amaiurrek gehiengo zabala lortu duen herrietan.

Nire ustez, hemen ondorengoak du eragina: Nafarroako «eremu ez-euskaldunetan» bizi den jende askok euskararekiko edo Nafarroaren identitatearekiko bai izan dezake mezua, baina beldur dio Amaiurren barruan dagoen «HB»ri. Hau da, «nik euskara ikasteko eskubidea bai, baina ez naiz `hain abertzalea'». Egia esan, banan-banan galdetu beharko litzaioke eskualde horietako askori bere botoaren norabidea, baina horrelako sentimendu bat dagoen ustea dut. Lizarraldean NaBaik oso emaitza onak lortu zituen aurkeztu zenean, eta esperientzia on horrek jarraitzen duela uste dut, «abertzaletasun light» baten antzera.

Gerorik bai?

Hau guztia ikusita, zaila da jakitea eremu politiko hau egonkortuko den. Uxue Barkosen figura ezin da infinitura arte luzatu. Aurreko hauteskundetan ere esan zuten Barkos Iruñean bakarrik egongo zela, baina gero ezetz, bietara egongo zela. Betirako manten daiteke hau? Ez dakit, baliteke ezetz. Uxue Barkosen figura kenduta marka beraren indartzea geratzen zaio, gauzak ondo egin eta bere esparrua zein den ondo definitu, nahi bada definizio politikoago bat egin.

Bestetik, PSNk hartzen duen jarrerak ere garrantzia izango du. Politika UPNren eskutik egiten jarraitzen badu eta gainera Madrilen ez badu gantxorik, Nafarroan jende askok bere preferentzia aldatu eta erosi berri duen produktuarekin geratuko da. Beraz, horiei begira ezkerreko hainbat politika egin beharko dituzte, keinuak.

Azkenik, NaBai2011k hartzen duen bidea ere garrantzitsua izango delakoan nago. Aralarrek ez du lortu bere eremu osoa Amaiurrera eramatea, Senatuko datuek erakusten duten bezala. Baina Aralarrek Bildurekiko lotura sendotzen jarraitzen badu, krisia eragingo du NaBai2011n bertan. Hortik aurrera bide propioa ere urratu beharko dute Zabaltzen izenarekin biltzen diren «independente» guzti horiek.

Sorpresa handia izan da Geroa Bairen emaitza, baina lan handia dute lortutako hori egonkortzeko, batez ere orain Uxue Barkos ez delako izango, ``Argia''n eginiko elkarrizketan esan bezala, UPNri aurre egingo dion ahots abertzale bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo