GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Badaezpadakoan

Pasa den igandeko gauean poztu egin nintzen hauteskunde orokorrena amaituta zegoelakoan. Bai zera, lerdo honelakoa! Astelehen goizean bertan jakin nuen hauteskunde autonomikoen kanpaina hasi berria zegoela. Eta hauek bai orokorrak guretzat, mendebaldeko hiru herrialdeetan bizi garenontzat behintzat, hemen autonomikoak foralak baitira. Hauxe nahasmena Euskal Herrian duguna! Are gehiago iparraldekoekin dugun ordutegi arazoa kontuan hartuta! Eskerrak gauzak argitzen doazela, gauetik gauera. Tira, harira! Argazki esanguratsua lehengo domekakoa, mugitua ere... ez baita argazki txarragorik finkoa dena baino. Estatikoa, koloretsua izanda ere, eta dinamikoa, zuri-beltzekoa bada ere, horra gaurko munduan diren tirabiren arteko bat, inportantea. Esaera zaharrak dioenez, harri ibiliak goroldiorik ez. Eta ibili bagabiltza, bide berriak egiten. Ea noiz edo noiz, kanpainaz kanpainako zoramen honetan, lasaitua hartzen dugun gogoeta sakonagoak egin eta partekatzeko, azalak, inoiz baino gehiago, hezurrak behar dituelako, ezinbestean.

Total, garen lekuan gara, honaino heldu garelako. Kausalitatez, ez kasualitatez. Kristo guztia dabil, argazkia eskuan, lupa argazkian, eta begia lupan, bere kokapena egokitu nahian. Hurrengo argazkirako bidean, badaezpada ere. Eliza bera ere, omen; amen. Akabo euskaldun fededun izan hori! Jelkideak berak ere dira orain horretaz konturatuak, botoak eskatzean interes tasa handiagoa eskaini beharko baitute aurrerantzean. Horixe dakar euren arriskuaren prima igo izanak hautestontzien merkatu nagusian. Eta apurka-apurka mugimendu susmagarriak sumatzen ari dira han-hemenka, konplizitateak sortu gurarik. Badaezpadakoan. Horra jelkideak eta popularrak. Jainkoak sortu eta merkatuak bildu, esan liteke; hauxe kolpea gero! Sortu eta Bildu! Tira, harira! Fiskalitatean kide, atzera daramaten aurrekontuen bidean bidaide. Hortaz, atzekontuak dira horiek. Gure lurraldeetan behintzat panorama politikoa normalduz doan seinale. Ezker-eskuin partida zabalduz doan seinale, non eta erabakitzeko esparruen arteko zelaian zabaldu, hain zuzen ere. Hau etorkizun polita! Gogoetarako lasaitua ere behar duena! Merkatuak eta Azokak elkarren kontra eztabaidagai. Zergak, zordunak eta hartzekodunak, nork-zer-zor, birpentsatzeko garaia. Harmonizazioa? Bai, baina Marx anaien kabina hartakoa erreferente eta abiapuntu hartuta. Badaezpada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo