«Lan baldintzak hobetzen badira, emaitzak hobeak izanen dira»
Estatu frantseseko kirol federakuntzak urtebete darama enpresetan kirola sustatzeko lanean. Gizartean izan diren aldaketek eraginda, gutxik dute lanetik kanpo kirola egiteko aukera.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Enpresetako, sindikatuetako eta kirol sendagileen ordezkariak batu ziren joan den ostiralean Biarritzen, enpresaren eta kirolaren arteko harremanaz hausnartzeko eginiko mahai-inguru batean. Didier Besseyre-k, enpresetan kirola egiteko aukera sustatzen duen federakuntza frantseseko lehendakariak, Europa iparraldeko herrietan kirola eta lantokiko bizia estuki lotuak direla baieztatu zuen, eta, jarduera hori langileen artean orokortu beharko litzatekeela azaldu zuen.
Lantokietan kirola sustatu nahi duzue. Zer erran nahi duzue horrekin?
Enpresetan kirola sartzea aipatzen dugularik, dimentsio berri batean sartzen gara. Ez da bakarrik kirola egitea, baita enpresa barruan jarduera horren inguruko proiektu bat sortzea ere. Ez du erran nahi langileek lanorduetan kirola egin beharko dutenik, baina bai enpresetan praktika hori erraztu behar dela. Langileek ordu asko ematen dituzte lantokian, eta etxera itzulitakoan, ez dute beti kirola egiteko denborarik.
Zergatik da garrantzitsua lantokian kirola sustatzea?
Kirola bultzatzea onuragarria izan daiteke gizarte ikuspegitik, baina baita langileen emaitza onuragarrien aldetik ere. Bizi baldintzak hobetzen badira, emaitzak hobeak izanen dira. Estresa horren adibide on bat da. Langile eta enpresaburu guztiek estresa pairatzen dute. Hobekiago gaude barne minak husten ditugularik, eta kirola erremedioa izan daiteke. Kirolarekin prebentzioa egiteaz gain, osasun publikoaren nozioaren ikuspuntutik hobekuntzak ekar ditzake.
Mintzaldian, Medef enpresarien sindikatua, CGT sindikatua, sendagileak eta kirol munduko egiturak bildu dituzue...
Lantalde bat osatu dugu. Duela urtebete enpresaburu handien ikustera joan ginen gaia aipatzeko. Ondotik, Medef enpresarien sindikatua, Olinpiar Batzordea, Kirol Ministerioa, sindikatuak eta gure federakuntza bildu gara. Talde horretan, bai enpresaren emaitzak bai langileen ongi izatea aipatzen dira, eta ahalegintzen gara ikuspuntu horiek kontuan harturik eraginkorrak izaten. Galdeketa bat abiatzekotan gara, eta, sinbolikoa baldin bada ere, Enpresetako Kirol Eguna antolatuko dugu. Goi mailako kirolari batek ez luke eguna aurreikusiko kirola egin, ongi jan eta ongi lo egin gabe. Langileentzat berdin izan beharko luke.
Zehazki, nola gauzatu nahi duzue egitasmo hori?
Enpresentzat errentagarria izateko Gobernuak diru-laguntza ematea nahi genuke horrelako proiektuak bultzatzen direlarik. Laguntza hori onura fiskalak emanez egin daiteke. Adibidez, kirol federakuntzekin elkarlanean ekintza bereziak bideratzen ahal dira. Enpresetan kirol gelak jartzen ahalko lituzkete ere, eta horrela lanorduetako pausaldietan langileak bertara hurbiltzen ahalko lirateke.
«Enpresetan kirol gelak jartzen ahal dira, eta horrela, langileek pausaldiak dituztelarik, bertaratzen ahal dira kirola egiteko»