GARA > Idatzia > Ekonomia

Saregile eta neskatilen laneko gaixotasunak aztertzeko egitasmoa jarriko dute abian

p026_f02.jpg

GARA | GETARIA

Saregileen eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkarteak urteroko batzarra egin zuen atzo Getariako Kofradian, kolektibo horren lan-baldintzak aztertu eta lanbidearen duintasuna hobetzeko aurten gauzatu dituzten ekimenen balorazioa egiteko.

Bosgarren batzar horretan, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Orio eta Hondarribiko 60 saregile eta neskatila inguruk hartu zuen parte, eta datorren urteko egitasmoen berri ere eman zuten. Horien artean, sektorean eragina duten lan gaixotasunen azterlan bat egingo dutela iragarri zuten, Lakuako Gobernu eta Osalanekin elkarlanean, eta neskatila eta paketatzaileen profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prozedura bultzatuko dute Lanbiderekin batera.

Hori eman zuen jakitera batzarrean Jon Azkue Arrantza sailburuordeak. Bere esanetan, egitasmo horiekin batera, lokal berria eraikiko dute Ondarroako saregileentzat, eta dibertsifikazio jarduerak bilatzeko lan tailerrak sortuko dira.

Aurtengo ekintzei dagokienez, Gobernuak arrantza arloan lan egiten duten emakumeen beharrei erantzuten dietenak nabarmendu zituen Azkuek. «Sektoreko emakumeen elkarteei laguntza ekonomiko eta teknikoa eskaini diegu, eta entitate horiei etorkizuneko Arrantzako Aholku Batzordean sartzeko aukera eman diegu».

Horrekin batera, Arrantza Sailburuordetzak saregile eta kai-neskatilentzako lokal berriak ireki ditu Orion eta Getarian, emakume horien prestakuntza bultzatu du ikastaro anitzen bitartez eta lanerako jantzi berriak eskuratzeko laguntza eskaini du.

Bestalde, kostaldeko profesionalen eginkizuna gizarteak ikusarazteko eta aintzat hartzeko lanean jardun dute Arrantza Azokak edo «Egun bat arrantzan» erakusketa ibiltaria bezalako ekimenen bitartez, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo