GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Eskuinalde erdalduna

Eta zazpi lerrotako beste despieze bat eta zazpi lerrotako despieze bat eta zazpi lerrotako despieze bat eta zazpi

Ni aurten Plentziako eskola batean nago, eta oso gustura. Plentzia, Urduliz, Barrika, Sopela, Berango, Getxo... Eskuinaldean daude. Batzuek eskualde honi Costa Rica ere esan ohi diote, bertako askoren bizi maila oso handia delako. Txalet asko dago sasoi bateko baserri landetan; auto handiak eta ederrak non-nahi ikusten dira; emakume pinpirinak uniformez jantzitako seme-alabekin eskutik helduta; eta gorbata asko gizonezkoen eztarrietan eskegita. Hemen euskal eskumak -eta espainiar eskumak- indar handia du. Jendea oso pozik omen dago EAJk egindako lanarekin; eta hori oso ondo antzematen da hauteskundeetan. Halarik ere, ezin esan oso euskaldunak direnik. Plentzian, behintzat, ez da sarritan antzematen euskararen gozoa; ezta gure eskolan ere. Ikasleek ez dute joera handirik euskaraz egiteko, nahiz eta ume-umetatik euskaraz eskolan jardun. Baina hori baino okerragoa, ene ustez, beraien jarrera da. Batzuetan ez dakit ez ote duten nahita egingo, ni izorratzeko, baina behin baino gehiagotan gogorazten didate oso euskaldunak ez direla: «Juan Luis, irakurri duzu baten batek idatzi-mailan idatzitakoa?». «Zer idatzi dute, bada?». «Euskara da pena». Nik horrelakoetan ez diet ezer esaten; oraindik oso umeak dira egindakoaz jabetzeko. Agian, egunen batean, horretaz jabeturik dira; hobeto ulertuko dute boto batzuk irabazteagatik politikari batzuek zer nolako hizkuntza bultzatzen duten. Agian. Bai, orain hobeto ulertzen dut zergatik ikasle askok -ez guztiek, batzuk oso jatorrak eta euskaldunak baitira- ez duten inolako motibaziorik euskara ikasteko. Plentzia, gainontzeko Eskuinaldeko herriak bezala, oso erdalduna da. Sasoi bateko euskaldunen ahotsa isilarazi egin dute porlanaren azpian etorritako jauntxoek, eta ez du ematen egindako okerra lili batez apaintzeko asmoa dutenik. Lehengo egunean, «Deia»-k doan banatzen duen «Hemendik» aldizkaritxoa irakurtzeko aukera izan nuen, eta momentuan jabetu nintzen zer nolako ahaleginak egiten dituzten Eskuinaldeko populazioa gero eta euskaldunagoa izateko. Izenburua, data, eta iragarki batean «Batzoki» hitza kenduta, gaztelera hutsean zegoen idatzita. Batzuek euskara txakurrekin eta umeekin erabili ohi dute, nonbait; baina hauek, ezta horretarako ere. Aldizkariaren azalean, umeei zuzendutako atalean, alegia, begi bistan zeuden liburu guztiak erdaraz zeuden: «Tu casa», «La parejita», «Guía para los padres...»; eta barruan, besteak beste, hiru emakume nagusi itsulapikoa mahaiaren gainean, minbiziaren aurka dirua eskatzen Getxon. Txaletak erosteko aukera ere eskaintzen zuen aldizkariak; Nuestras mejores ofertas: La Bilbaina, 698.000; Santa Mari de Getxo, 845.000; Gamiz-Fika, 480.000... Tartean, nola ez, Bilduren aurkako aipamena. Orain hobeto ulertzen dut zergatik Urkulluk esaten duen, 30 urte pasa eta gero, oraindik irabazten dutela. Orain hobeto ulertzen dut zergatik esaten duten Bilduk eta Amaiurrek ez dutela programarik, eta beraiek, aldiz, bai. Hori baldin bada EAJren euskararen aldeko programa, ez dut irudikatu nahi zein izango den langileen aldekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo