GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaiketa politikoen aurka, herri harresia Donostian

Jarduera politiko askearen defentsan lan egitera deitu du Eleak mugimenduak. Hain zuzen, datorren larunbatean, 17.00etan, Donostiako epaitegiak giza kateaz inguratzeko deialdia zabaldu dute.

p017_f03.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Gaur egun, Gipuzkoan bakarrik, 111 pertsona dira euren jarduera politikoa dela-eta auzipetuta edota ebazpen baten zain daudenak. Horixe azaldu zuen atzo Donostiako Egia auzoan Joxean Agirre Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduko kideak. Espetxean daudenek zerrenda luzea osatzen dutela azpimarratu zuen, eta atxiloketak eta sarekadak etengabe gertatzen direla gaineratu zuen. Horren aurrean, herri harresiak eraikitzeak garrantzia handia duela baieztatu zuen.

Lehenengo ekintza datorren larunbatean izango da. Abenduaren 3an, 17.00etan, Donostiako epaitegiak giza kate batez inguratzera dei egin zuen, eraikin horietatik helarazten diren erabakiak era sinbolikoan salatzeko.

Eleak-eko kide Oihana Mujikak, bestalde, harresi horiek nola eraiki azaldu zuen. Horretarako, ezinbestekoak dira elkartasuna eta mobilizatzeko borondatea. Mugimendua sortu zenetik sei hilabete pasa direnean, irakurketa positiboa egin zuen, eta, beraz, bide horri eusteko eskatu zuen. Eskubide politikoen urratzeei herri bezala erantzuteaz gain, gakoa auzoz auzo eragitea dela nabarmendu zuen Mujikak.

Halaber, Oihana Agirre auzokidearen egoera gaitzetsi zuten. Izan ere, zortzi urteko zigorra berretsi baitio Aizutegi Gorenak. «Oihana auzoan behar dugu», aldarrikatu zuten bertan bildutakoek.