Bonberenea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, auzolanean irudimen suak pizten
Tolosako Bonberenea gaztetxea bisitatu dugu, bertako txaranga berezia eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots eskuz esku garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko, bereziki udan prestatu duten diskoa, bonboi kaxa baten antza duena eta DVD bat ere badakarrena. Gazteak kultur maila guztietan pizten ari diren su txikien berotasuna sentitu dugu eta pailazoen begiak dirdirka ikusi ditugu, euren irribarrea, magikoago, neska-mutilekin puzzlea osatuta.
Maider IANTZI | TOLOSA
Bonbereneako atea ireki eta oiloak ikusi ditugu zelaian jaten, eta pixka bat aitzinerago, Ion Altuna txarangako kidea etxeko txakurrarekin. Gaztea da hau ere eta guztiarekiko jakinmina sumatzen zaio. Pirritx eta Porrotxek ezuste polita hartu dute sarreran, euren mural batekin topo egin dutenean; margotu berria da, distiratsua eta kolore bizikoa, pailazoak bezalakoa.
Goian, jangelan, pastel kaxa bat zabaldu du Porrotxek eta horiek janez solas egin dugu bertze pastel kaxa bati buruz, elkarrekin egindako disko eta DVDari buruz. 40 lagun inguruk osatzen duten txaranga honentzat orain arteko erronkarik handiena izan da haurrak zirela ezagutu eta segitu zituzten pailazoekin lan hau egitea; Aiora Zulaika eta Joxe Mari Agirretxe, berriz, gaztetu egin dira eurekin, eta gaztetan egiten zituzten ametsak egia bihurtuta ikusi dituzte. Batzuen instrumentuek eta bertzeen sudur gorriek bat egitean magia sortu da. Ez zekiten zer gertatuko zen txarangako musika eta pailazoen ahotsak uztartuta, baina puzzlea hagitz ongi atera da. Eurak pozarren daude eta jendea ere bai: kontatu digutenez, elkarrekin emanaldiak egiten dituztenean magia hori jendearengana ere ailegatzen da.
Gaur bertan, bi saio eginen dituzte Gasteizko Mendizorrotzan, 12.00etan eta 17.00etan. Durangoko Azokan izanen dira, abenduaren 6an 11.30ean, eta Barakaldoko BECen, 18an 11.00etan eta 18.00etan. Urtarrilean Donostiara eta Arrasatera joanen dira, eta aitzinerago ere emanaldiekin jarraitzeko asmoa dute, askotariko kolore eta doinuak Euskal Herriko hainbat txokotan zabaltzen.
Baina nola hasi zen harreman hau? Juan Gorriti eskultoreak erakutsi zien pailazoei «bihotza, burua, eskuak; sentitu, pentsatu, egin; denok elkarrekin!» hainbertze erabiltzen duten lema. «Ume handi bat» da Gorriti, hagitz koloretsua, eta horregatik, bere inguruan proiektu bat egin zuten lasartearrek orain dela urte batzuk, «Gorriti aztia». Laguntza eske jo zuten Bonbereneara eta orduan hasi zen harremana rock bertsioak eta ahotsa duten kantuak ere egiten dituen txaranga honekin.
Lanik handiena, gazteek
Gose taldekoek «Eutsi» abestiaren bertsio bat egiteko eskatu zietela ekarri du gogora Ion Altunak. Bertan, Pirritx eta Porrotxek ere abestu zuten. «Gosek goseak utzi gintuen eta hortik sortu zitzaigun ideia: zergatik ez ditugu kantu batzuk elkarrekin grabatzen?».
Erlazioa hagitz polita da bi aldeentzat. «87an jaioa naiz eta pailazoak orduan hasi ziren herriz herri. Etxe parean zegoen haur eskolara etorri zirela oroitzen naiz; eta orain eurekin ari naiz lanean!», kontatu du Altunak. Agirretxerentzat eta Zulaikarentzat ere ederra da beraiekin hazi eta hezi ziren haurrek orain bilduma bat egitea «Riki-Riki», «Maketume», «Alai Elkarrekin» eta bertze abesti ugarirekin, estilo eta mezu ezberdinetakoak eta gazteek aukeratuak.
Agertu dutenez, nahiz eta pailazoek ere abuztuan opor egunak eskaini, lanik handiena neska-mutilek egin dute. Aurreneko bonbo eta txindatetatik hasi eta diseinu dotoreraino -banan-banan kideei argazkia atera eta negatibo bakoitza akuarelaz margotu dute-, diskoa eta DVDa Bonbereneak ekoiztu ditu. Auzolanean eman dute uda, opor eta parrandei uko egin ez, baina bai desberdin planteatuz. «Halako gogoa ikusita, nola ez genuen ahalegina egingo?», adierazi du Zulaikak.
Bonberenea lan polita egiten ari da orain dela zortzi urtetik. «Abenduaren 17an batu ginen, eta oroitzen naiz jendeak nola galdetzen zuen: `Baina hauek nongoak dira?'. Gutako batzuk musika bandan genbiltzan, baina txarangak lehen ez geneukan lagunarte bat eman zigun». Tolosa inguruan jotzen hasi eta zabaltzen joan dira pixkanaka-pixkanaka. Eta orain, egitasmo hau prestatzeko, Euskal Herri osoan dituzten besoez baliatu dira. Kolaboratzaileei deitzean, «zein egunetan nahi duzue?» galdetuz erantzun diete eta txarangakoek eskerrak eman nahi dizkiete prestutasunagatik.
Bonberenearen helburua, musika eskolaz aparte, gazteei bertze aukera bat ematea da, baita gaztetxearen funtzionamendua eta ideologia erakustea ere. «Bonberenean eman eta jaso egiten dugu. Adibidez, Karlos Osinaga Txap Lisaboko kidea etorri zaigu diskoa grabatzera, eta gero, Irungo edo Moskuko jaietan joaterik dugun galdetzen badigu, zalantzarik gabe baietz erantzungo diogu». Truke kultura hori da gaztetxearen ezaugarri bat. Pirritx, Porrotx eta Marimototsena ere bai.
«Irudimentsu eta auzolanean, apenas aurrekonturik gabe kultura nola garatu daitekeen erakusten dute halako proiektuek, noiz eta krisia besterik aipatzen ez denean», ohartarazi dute.
Takolok parte hartu du egitasmoan eta pozgarria izan da denentzat «Riki-Riki» abesti mitikoa pertsonaia mitiko baten ahotik aditzea. «Maite zaitut, amatxo» Miren Amurizak idatzitako kanta ere jaso dute; Doctor Deseoko Francis Diezek eta Zea Mayseko Aiora Renteriak kantatzen duten abesti honen bertsio hagitz berezia egin du txarangak. Donostiako piraten kantan, «Abordatzera»-n, aldiz, Aitor Gorosabel Su Ta Gar-eko kidea, Aiora Renteria eta Amets Arruebarrena izan dituzte lagun.
Pirritx eta Porrotxek Bonberenearekin halako harreman ona izatea naturala ere bada, «gaztetxero» peto-petoak direlako. Aiora Zulaika Lasarteko gaztetxean hasi zen antzerkian, hain zuzen ere, Marimotots irakasle zuela. Porrotxek agertu duenez, orain ere gaztetxeetara joaten segitzen dute: Bilboko 7 Katura, Donibane Lohizunera, Gasteizera, Baionara... Euskal Herriko txoko guztietara iristen dira.
Agirretxeren semeak bateria ikasten du Tolosan eta, autoz ekartzen duenean, aitak gaztetxea bisitatzeko aprobetxatzen du. «Zer lanekin ari diren galdetzen diet... Eta lanez gain, denaz hitz egiten dugu. Entzuten dizute -baieztatu du- ... Eta gero nahi dutena egiten dute!».
Aldarri alai eta eraikitzailea
Pailazoek ohartarazi digutenez, umeei txikitan autonomo izaten irakasten diegu eta anitz baloratzen dugu hori: ikastolara bakarrik joatea, beren kabuz janztea, bazkaltzea... Gazte direnean, ordea, hegalak mozten dizkiegu, beharbada ezezagunarekiko mesfidantzaz.
Eurentzat eredugarriak dira Tolosako eta, orokorrean, Euskal Herriko neska-mutilak. Hori dela-eta, diskoa toki hauetan egiten den lanaren «aldarrikapena» ere bada, eta eskaera bat, instituzioek errespetuz trata ditzaten. «Euskal Jai bota zuten, Kukutza ere bai, Gasteizen arazoekin dabiltza, Donibane Lohizunekoa ematen duenez hustu egin beharko dute...». Egoera orokor horretan aldarri egin nahi dute euren alde, modu alai eta eraikitzailean egin ere, musikaz eta irudiz jantzita; bonboi kaxa baten itxura duen opariak bideoak ere badituelako. Horietako batean «Maite zaitut» kanta ezagunaren bideoklipa ikus daiteke, Ainhoa Moiuak zeinu hizkuntzara ekarria; «Gorriti aztia» ere bai, Tolosako gaztetxeari buruz egin zuten erreportajea...
Proiektua eta elkarlan guztia ere ederki laburbildu dezakegu bi lemak batuta: «Bihotza, burua, eskuak; sentitu, pentsatu, egin; denok elkarrekin! Sormenaren suhiltzaileen aurrean izan piromano eta zabaldu sua!».
Auzolana eta truke kultura dira Bonberenea eta pailazoak batzen dituen ezaugarrietako bat. Lan «intentsoa» egin dute, orain emanaldiz emanaldi dabiltza eta aurrerantzean ere elkarrekin ibiliko dira.
Pailazoek inportantea deritzote belaunaldien arteko kultur transmisioari. Txarangan adin ugaritako lagunak daude, neurri bakarreko amerikanak erakusten duenez.