Kronika | Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Poto batekin behatzak zapaldu arren, Illunbeko atea ireki du Beñat Gaztelumendik
Arrasateko uarkape pilotalekuan igo zen Gpuntua azken-aurreko bagoira. Dagoeneko Illunbera begira jarrita dago txapelketa, eta lehen aulkia Beñat Gaztelumendik dauka enkargatuta. Estropozu txiki bat egin arren, lortu du txartela.
Amagoia MUJIKA - Ane ARRUTI
«...orain berriz behe lainoa daukagu nere paisaian/ nere burua ikusten nuen ia illunbeko sabaian/eta behatzak zapaldu ditut atea zabaldu nahian», kantatu zuen azken agurrean Beñat Gaztelumendik, azken kartzelako azken bertsoan egindako potoa arrastaka zekarrela. Saio txukuna josi zuen teknikoki, baina agian puntarik gabekoa. Eta poto eta guzti, puntu mordoa pilatu zuen bertsoz bertso Añorgakoak. Azkenean, seguru egongo da Illunben, azken txapelketan hain gozoa gertatu zitzaion plazan.
Saioa berezi hasi zen, kartzelakoarekin. Bertsolariak banan-banan oholtzaratu ziren eta agurra kantatu ondoren, hiru punturi erantzunez osatu zuten lehen ariketa. Izan zen beste berezitasunik; bertsolariak izenez eta bi abizenez deitu zituen Egoitz Aizpuruak.
Puntukako ariketan Alaia nabarmendu zen puntuazioari begiratuta. Goitik hasi zuen saioa oiartzuarrak eta ariketa guztietan utzi zituen perlak. Iban Urdangarin ere indartsu hasi zen, agurretik bertatik desafioka. «...bota nahi ditut hiru puntu bildurgarri/ ni pronto nago eta nahi dezunen jarri», agindu zuen lehen agurrean. Puntuak azkar eta zuzen erantzun zituen. Oro har, saioa ondo eraman zuen, erori gabe.
Galtzeko gutxi duenak
Felix Zubia gozatzen ari da txapelketaz. Bertsolariek sufritu egiten dute, nahi baino gehiago askotan, eta gehien gozatu ohi duena galtzeko gutxien duena izaten da. Aurten zarauztarrari egokitu zaio paper hori. Zortziko handian Iker Zubeldiarekin aritu zen eta biek gozatu zuten. Hauxe zuten kantatzeko gaia: Sekta batean sartuta zaudeten bi lagun zarete. Gaur liderrak esan dizue azken bidaia egitera zoaztela.
«Aukeratuak geroni gera esan dezagun osana/eta liderrak garbi askoa ipini du bere plana/ ederki dakit bart arratsean ikusi nuen nirvana/ gure bidea garbi dago ta banua jainkuangana», hasi zen Zubia. Eta Zubeldiak, erantzun; «jainkoangana ezin da joan, lagun, etzazu izorra/ gure liderra izan da hain persona egoskorra/ azken bidaia izan liteke neketsua ta gogorra/ baina eztakit nora goazen, Karibe o Benidorra».
Zubeldiak serio antzera hasi zuen saioa, bat baino gehiago harritzeraino, baina arratsaldean barna topatu zituen eroso aritzeko uneak, eta bere-berea duen estiloa atera zuen. Zortziko txikiko ariketa puntuka osatu zuten bertsolariek. Gaztelumendi-Zubeldia bikoteak dezente berotu zuen plaza. Bi gurasoren paperean aritu ziren, beren 10 urteko umeen futbol partidari begira jarrita. Bosgarren partida zuten golik sartzen ez zutena. Hirugarren bertsoa honela osatu zuten Zubeldia hasita: «Zer dago bankilloan edota zelaian/ han dabil baloiren bat harrapatu nahian/ nik entrenatuta dauket Zegamako playan/ hobe utzi bazenun behar zan garaian».
Seiko motzekoan Alaia Martin eta Felix Zubiak ale politak utzi zituzten. Hauxe zuten gaia: «Zuek larrialdietan lan egiten duzue, Alaia, ikusten dituzun egoera gogorrak direla-eta, lana utzi nahi duzu. Felixek ez». Zubiari parean egokitu zitzaion, bera lanbidez medikua baita. Alaiaren bigarren alea, polita: «Min ematen digu guri/ bueno, agian ez zuri/ jasaten ditut ahaztezinak hainbeste irudi/ ebakuntza ta bisturi/ zenbat gorpu txuri-txuri/ heriotzari begira bizi naizela dirudi».
Beñat Gaztelumendik eta Agin Rezolak ere oso txukun josi zuten seiko motzekoa. Hauxe zuten gaia: «Sei hilabete dira haurdun zaudetela. Beñat, gozatzen ari zara hasieratik haurdunaldiaz. Aginek, sufritu gehiago egin du hasieratik gozatu baino». Bata zein bestea primeran sartu ziren haurdun dagoen emakumearen paperean. Beñatek hirugarren bertsoan sabelari ere eutsi zion, barruan zuen haurra ferekatzeko-edo. Hauxe kantatu zuena: «Denak desberdinak dira/ baina halare guztira/ ederrak dira hala sentitzen ditugun neurrira/ ta nik bezela begira/ jarri hor eskua tira/ hitzik gabeko maite zaitut bat esaten ari da». Eta Aginen erantzuna: «Baino bizi det trantzia/ minduz aurre ta atzia/ zuk ulertuko didazu ezta nik ez ulertzia/ aztoratzen det etxia/ hau da hau malaletxia/ azken antojo bakar bat daukat azkar jaiotzia».
Kartzelako irekia
Azken kartzelan gai honi eutsi behar izan zioten bertsolariek: «Egoerak bultzatuta azkenean dimisioa aurkeztu duzu».
Iker Zubeldiak bere kaldereria tailerra utzi eta bertsolaritza bizibide hartzea erabaki zuen kartzelakoan. Nahiko gris osatu zuen azken ariketa, eta hortik, akaso, azken puntuazioan lortutako tokia.
Kartzelatik ateratzen bigarrena Felix Zubia izan zen. Patxi Lopezen ahotik abestu zuen, aukera ausarta eta josten ez oso samurra. Agin Rezolak goi-goitik osatu zuen kartzelakoa, Silvio Berlusconiren azalean. Oso azkar hasi zen kantuan, hiru bertsoak goitik behera dotore josi zituen, errimaz aberats, eta berak lortu zuen kartzelako puntuazio onena. «Azken urtiak izango ziran nere karrerako gailur/ askori luze egindakuak neri berriz oso labur/ baino krisiko urtiak ezin jun nahi nuken bezain samur/ deitu baitidate lapur/ eta neska zale maltzur/ Italiako parlamentura noa esatera agur/ hala ikusi nahi naute baino enijua buru makur», bota zuen lehena.
Iban Urdangarinek herriko alkatearen papera aukeratu zuen. Sekulako arriskua hartu gabe, txukun-txukun osatu zuen. «Gure herriko alkate gisa bi urte ditut kunplitu/ lehenago ere nere postuan egon da mila aditu/ tentazioa aurrean nuen ta ezin geldik gelditu/ lehenago poltsa ederra nuen ta gehiago nahi handitu/ behin nere izena zikindu nuen ta orain ezin det garbitu», esan zuen lehendabizikoan.
Alaiak ere, Aginek bezala, Berlusconi hartu zuen ahotan. Bigarrena, borobila; «dirua daukat ukendu/ eta ospea zimendu/ euribor ta dibidendu/ asko etzaizkit aldendu/ gerora ere jasoko ditut mila irain nahiz lausengu/ baina nik beti egin behar dut eztaukan horretxi kendu/ nire egoera ez da larria hori nahi dut nabarmendu/ Monti ipini didate eta nik egiten dut baimendu/ gezurrak sarri bere aurpegia aldatu beharra izaten du».
Eta kartzelan azkena, puntutan lehena izan zena. Gaztelumendik «Berria» egunkariko zuzendariaren bidea aukeratu zuen kartzelakoan. Bigarrena, hau: «Batzuenak bete eta gureak zaizkigu husten/ diru gabe aurrera jo nahiz jardun naiz burua hausten/ Jaurlaritza ezta ariko akaso sakelak puzten/ baino guretzat zeuzkaten denak gastatu zituzten/ ta egoerari orain ez dago errexa eusten/ urteetan jardun gera gu bidea erakusten/ begiradek maiz dituzte gure orriak biluzten/ baina nik letra gorriak baino ez ditut ikusten», bigarrenean.
Gaur, bigarren finalaurrekoa, Tolosako Usabalen.