Eskalada Hitzordua
Ehundik gora eskalatzailek giro ederra sortu zuten Oiartzungo Txapelketan
Pasa den 19an Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoia jokatu zen; XI. aldia zuen. Elorsoro kiroldegian 117 eskalatzailek bat egin zuten hitzorduarekin. Izaera herrikoia duen lehia horretan festa nagusitu zen.
Andoni ARABAOLAZA
Izaera herrikoia duten eskalada lehien artean, Oiartzungo Txapelketa aitzindarietako bat da. Dagoeneko, hamaika aldiz jokatu da lehia hau. Eta beste edizioetan gertatu den bezala, pasa den 19an egin zenak ere erabateko arrakasta izan zuen. Arrakasta, jakina, bai giroaren aldetik baita parte-hartzaileen kopuru handiaren aldetik ere.
Oiartzungo Eskalada Taldeak antolatzen duen hitzordu berezi horrek helburu zehatz batzuk ditu: izaera herrikoa, giroa sortu, lehiakideen arteko harremanak sendotu... Eta zalantzarik gabe, aurtengoan ere irizpide horiek guztiak bete dira.
Parte-hartzaileen aldetik, baiezta daiteke Euskal Herriko txoko askotatik hurbildu zirela: Donostia, Azpeitia, Hernani, Iruñea, Arrasate, Gasteiz, Bilbo... Azpimarratzeko modukoa Donostiako, Arrasateko eta Gasteizko eskalada taldeen presentzia. Eta kopuruari dagokionez, ez ziren atzean geratu; izan ere, 117 eskalatzaile bertaratu ziren. Lehia, berez, bi mailatan banatu zen: gazteak eta helduak. Beste 50 haurrek, berriz, proposatutako bide batzuk eskalatzeko aukera izan zuten; baina, beste kategoriekin alderatuta, ez zen lehiarik izan.
Giro ederra
Goizeko hamarretarako 117 eskalatzaileak pronto ziren. Aipatu ditugun 50 haur horiek «jolasten» ari ziren bitartean, beste 67 parte-hartzailek lehiaketari ekin zioten. Azken hauek bina bide eskalatu behar izan zituzten. Gradu ezberdinetako bideak prestatu zituzten, eta lehiakide bakoitzak bere aukeraketa egin zuen. Zenbat eta zailtasun handiagoa, orduan eta puntu gehiago jaso zituzten.
Sailkapenak bukatu eta atsedena hartu zuten. Arratsaldean, berriz, finalak jokatu ziren. Oro har, goizeko zein arratsaldeko lehietan festa nagusitu zen. Eta festa horretara ere ikusle ugari bertaratu zen.
Neska gazteen mailak bi ordezkari izan zituen: Miriam Mulas eta Jone Ugartemendia. Mulas Ugartemendiari gailendu zitzaion. Mutiletan, berriz, azpimarratzeko moduko datu bat: 39 eskalatzailek parte hartu zuten. Kopuru horrek zur eta lur utzi zituen antolatzaileak. Finalera hamahiru gazte pasa ziren, eta onena Mikel Linazisoro izan zen. Nahiko aldea atera zien Eneko Infante eta Mikel Inorizari. Bi eskalatzaile hauek berdindu zuten, baina Infantek denbora hobea egin zuen eta bigarren sailkatu zen; Inoriza hirugarrena izan zen.
Neska helduen mailak, bestalde, bost finalista izan zituen. Gutxigatik bada ere, Iratz Intziartek irabazi zuen. Haren atzetik, Zuriñe Arrue eta Erika de Santiago sailkatu ziren.
Eta mutiletan, azkenik, 21 parte-hartzaileetatik hamaika finalera pasatu ziren. Maila horretan ere oso lehia estuak izan ziren. Gainera, batzuk-batzuk oso sasoiko iritsi ziren. Eta finalista guztien artean indartsuena Igor Aranaz izan zen; lehena izan zen. Lander Larrañagak bigarren postua eskuratu zuen eta Jon Beñat Agirrek hirugarrena.
117 eskalatzailek bat egin zuten Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoiaren hitzorduarekin. Oro har, oso giro ederra bizi izan zen, eta lehia estuak ikusi ziren.