Hawaiiko txapelketak egiteko itsaskirik ez
Taj Burrow australiarrak eskuratu du Reef Hawaiian Pro txapelketako koroa.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Urtero, azaroa eta abendua bitartean itsaski handiak izaten dira Hawaiiko irletan eta urte sasoi onena izaki, txapelketa garrantzitsu eta ikusgarriak egiten dira Oahu irlaren iparraldean. ASP zirkuituaren amaiera irudikatzeko hiru txapelketa esanguratsu egiten dira, Haleiwa, Sunset eta Pipelinen. «Triple Crown» izenaz ezagun den hiru txapelketako zirkuitu labur honek ospe handia dauka, batez ere Pipelinen egiten den txapelketak. Hiru txapelketetan puntu gehien jasotzen dituen surflariak lehiakide orok irabazi nahi duen hiruko koroa eskuratzen du.
Aurten itsasoa ez da lagun, eta gainera «La niña» efektuaren ondorioz Pazifikoaren iparraldean itsaskiak urriak eta irregularrak izango direla diote adituek. Aipatu hiru txapelketetatik bakarra egin dute orain artean, Haleiwakoa. Txapelketaren lehen astean ez zen batere olaturik izan, baina azkenean lehiaketa epea amaitu baino lehen olatuak agertu ziren. Olatuen kalitatea ez zen itzelezkoa, baina txapelketa egin ahal izan zuten eta Taj Burrow australiarrak eskuratu zuen hirukoa osatzen duten txapelketetako lehen koroa.