Surflari ernegatua
Helduek ez dakite zer nahi duten
«Helduak», nerabezaroa (egun 30 urte arte luzatzen den aroa) igaro ostean pertsona «arduratsu» bilakatu behar dela uste dugun kriteriorik gabeko memeloak baino ez gara. Haurrek aio egiten dute autobuseko leihatilatik, garbi daukate zer nahi duten. Gurasoek ere aio egiten dute, baina ez dute ulertzen zer nahi duten ez dakitenak beraiek direla.
Txapelketak egokiak ote dira? Helduek sarri eztabaidatzen dute lehiakortasunak balio ezkorrak sustatzen ote dituen, edo oraindik, malizia bako diren «gure» haurrengan, lehiakortasunak nola eragiten duen. «Helduak», argitzeko, nerabezaroa (30 urte arteko aroa) igaro ostean pertsona «arduratsu» bilakatu behar dela uste dugun kriteriorik gabeko memeloak gara.
Lehiakortasunaren eztabaida interesgarria da, baldin eta norberak bere buruari aplikatzeko bada. Haur bat txapelketa batean parte hartu nahi duen edo ez jakiteko gai da, eta gurasoek, horretan behintzat, haurra errespetatu beharko lukete. Umeak mundura ekartzea eta auto bat erosteko arrazoiak berberak direnean ordea, eztabaida antzua da, haurraren iritzia ez baitu inork kontuan hartuko.
Haurrak ginela gure arteko txapelketak nola antolatzen genituen oroitzen dut. Sariak guk geuk etxetik ekarri eta guk geuk berriz irabazi ostean etxera itzultzen genituen. Axelek irrati handi bat ekartzen zuen eta zinta batean fikziozko surf iragarkiak grabatzen zituen. Xiflo eta Jonfik, dantza egiten ez zekiten arren, irabazleari aurreskua egiten zioten. Bakoitzak ahal zuen ekarpena egiten zuen.
Lehen aldiz beste hondartza batera joan ginenean 14 urte genituen. Batzuek, etxekoen baimenik ez zutenez, ihes eginda joan ziren. Haiek ez ziren «gaizki egin duzu» apal bat esan eta haurra psikologo batengana eramaten ziren garaiak. Gauzak behar bezala konpontzen ziren garaiak ziren, alegia, belarrondoko eder batekin. Baina, ondorioak ondorio, bagenekien zer nahi genuen, eta han abiatu ginen.
Bakiora joan ginen. Sekulako bidaia izan zen guretzat. Abentura itzela. Lehen txapelketa haien oroitzapenak zoragarriak dira. Gero, denborarekin, aspertzen hasi ginen, afera lehiakorra bihurtzen hasi zen eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, edo hartu arazi zioten. Garbi geneukan, jada, ez genuela hura maite.
Kantauri Ligan gaztetxoenak zer-nolako gogoarekin ari ziren ikusita oroitzapen haiek etorri zitzaizkidan burura, aldamenean nuen batek lehiak indartzen dituen balio ezkorren inguruko txapa sasi ezkerrekoa sartzen zidan bitartean.
Gaur ikastolara doazen 7 urteko haurrak autobus geltokian ikusten ditut, abiatzean, gurasoei aio egiten. Guk, geltoki berean, adin berbera genuela, autobusa etorri bitartean inguruan izaten ziren junkien xiringak zenbatzen ibiltzen ginen, gurasorik gabe.
Haurrek aio egiten dute autobuseko leihatilatik, garbi daukate zer nahi duten. Gurasoek ere aio egiten dute, helduen eztabaidekin jarraitzen dute, eta berriz ere han dira hurrengo egunean. Ez dute ulertzen, edo ez dute ulertu nahi, zer nahi duten ez dakitenak beraiek direla.