Kantauri Surf Liga 2011: Getariako Lonjan taldeak eskuratu du Euskal Herriko txapela
Aurten lehen aldiz egin den Euskal Herriko Kantauri Surf Liga arrakastatsua izan da. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko taldeek hartu dute parte. Finala Zarautzen izan zen, Donibane Lohizuneko Artha taldea eta Getariako Lonjan taldeak buruz buru lehiatu ziren. Kalitatezko surfa egiteko gai direla erakutsi zuten talde bateko zein besteko kideek, baina azkenean Getariako taldea gailendu zen.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Amaitu da Euskal Herriko lehen Kantauri Surf Liga. Sei izan dira talde parte-hartzaileak. Bizkaitik, Bakioko Surf taldea eta Sopelako Peñatxuri taldea. Gipuzkoatik, Getariako Lonjan taldea eta Zarauzko Surf Eskola. Eta Lapurditik, Angeluko surf taldea eta Donibane Lohizuneko Artha taldea.
Herrialde bakoitzeko bi taldek parte hartu dute, beraz. Lehia izan da, noski, baita giro bikaina ere, jendeak elkar ezagutu du, parte-hartzaileek beren hondartzako olatuak aurkariarekin partekatu dituzte, eta azkenean, Getariako Lonjan taldea izan da garaile.
Ibilbidea
Urriaren 16an hasi zen Euskal Herria Kirola erakundeak antolatutako surf liga, eta ordutik igandero egin dira txapelketak hondartza batean edo bestean. Talde bakoitzak etxean zein aurkariarenean lehiatu behar zuen, baina Iparraldeko eta Hegoaldeko itzulia bereizita egin dira, finalean bi aldeetako taldeen presentzia izango zela ziurtatzeko.
Iparraldean, Angelu eta Donibane Lohizuneko Artha surf elkarteko kideen artean izan zen lehia. Donibanekoek irabazi zuten eta zuzenean finalerako pasea lortu zuten.
Hegoaldean lehia gogorragoa izan da. Liga hasi zenetik, igandero-igandero lehian izan dira, sei astean zehar. Bakio, Sopela, Getaria eta Zarauzko hondartzetan lehiatu behar izan du talde bakoitzak.
Azaroaren 20an, ordea, talde guztietako jendea bildu zen Zarautzen. Lehenik, finalerako pasea nork lortzen zuen erabaki behar zen, eta horretarako, beste txapelketa bat egin behar zuten Hegoaldeko taldeek.
Zarautzen sopelarrak eta zarauztarrak izan ziren lehian. Getarian, berriz, bertakoak eta bakiotarrak. Txanda hauek amaitu ostean, ranking orokorrean puntu gehien bildu zituen taldea Getariako Lonjan izan zen; beraz, uretatik atera bezain laster Zarautzera abiatu ziren Donibane Lohizuneko taldearen aurkako final handia egitera.
Olatuak onak izan ziren, hego haize fina eta metro eta erdi inguruko olatu luzeak. Denetako ariketak ikusi ahal izan ziren, baita airekoak ere. Maila handiko surflariak izan ziren lehian, baina azkenean Lonjan taldea nagusitu zen.
Solasean
Amaieran sari banaketa izan zen, eta han bildu ziren ligan zehar lehian ibilitako surflariak. Ligaren izaera ezin hobeto irudikatzen zuen argazkia zen hura; batekoak eta bestekoak solasean, batzuk, gehienak, euskaraz, besteak gaztelaniaz eta beste batzuk frantsesez. Azken batean, Euskal Herriko uretan den errealitate baten irudi gardena baino ez zen hura.
Taldekako liga eredua gauza berria da surf lehiaketetan; beraz, liga amaituta, ereduaren inguruko balorazioa egiteko garaia da, agian datorren urterako gauzaren bat edo beste aldatu beharko baita.
Sopelako Xuku kexu zen. «Taldekako lehia eredua ongi dago. Gustura aritu gara. Lehiakide guztiak uretan batzea, hori ederra da, baina udaberrian egin beharko litzateke; izan ere, udazkena itsaski eta olatu onen garaia da. Gaur esaterako, oraintxe bertan Meñakozen sekulako olatuak izango dira eta gu hemen».
Gontzal Mendiola, orain 21 urte sortu zuten Bakio Surf Taldeko kidea, honela mintzo zen: «Taldekako eredua estrategia lantzeko eredu egokia da. Gainera, gaztetxoenak kanpora ateratzea, beste surflari batzuk ezagutu eta haiekin olatuak partekatzea, gauza ona da, asko ikasten dute. Zerbait aldatzekotan, saioa bi ordura luzatuko nuke nik».
Guillaume angeluarra da, eta euskara ikasten ari da. Parte-hartzaile bakoitzak likra janztean soilik hiru olatu har ditzake; beraren ustez, ordea, «nahi adina olatu hartzeko aukera izan beharko genuke, eta gero bi onenak zenbatu». «Horretaz gain, Hegoaldekoekin harreman gehiago izan beharko genukeela uste dut, baina oso gustura aritu naiz. Datorren urtean finala Iparraldean egin beharko dugu, eta gero festa eder batekin amaitu».
Jaime Uranga zarauztarrak 14 urte ditu eta leku berriak ezagutzeko irrikatzen dago: «Guk ere Iparraldean lehiatzeko aukera izan beharko genuke eta arroketako lekuetan ere egin beharko lirateke zenbait saio. Gainontzean, txapelketa desberdina dela esan daiteke. Banakako txapelketetan urduri jartzen naiz, baina modu honetan lagunak uretan dira zurekin eta taldekideek animatu egiten zaituzte. Beste xarma bat du. Nik ez nuke eredua aldatuko».
Jon Heguy Donibane Lohizunekoa da, bigarren postua lortu zuten eta Artha taldearen izenean mintzatu zen: «Biziki giro oneko txapelketa izan da. Taldeka surfeatzea atsegin dugu. Milesker handi bat antolatzaile guzieri. Heldu den urtean, agian».
Irabazleen taldean bozeramaile lanak egin zituen kidea Alex Gontan izan zen, 17 urteko getariarra. Lehenik, zer aldatuko lukeen esan zuen, «puntuatzeko modua oso erlatiboa da, zehatzagoa behar luke. Talde lana ongi baloratzen dut, zeren nahiz eta lehia izan taldekideekin zaude uretan, erlaxatuago zaude eta giro ona izaten da. Bestalde, igande goizetan lehiatzea gogorra da».
Txapela irabazi izanarekin berriz gustura agertu zen: «Kantauri liga irabaztea, Kontxa irabaztea bezalakoa da. Beraz, amaieran festa eder bat egitea ere ongi legoke».
Informazio gehiago: www.kantaurisurfliga.com