GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Koldo Urrutia Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)

Iruña Veleia, CSI eta munduko Arkeologia fakultateak

Gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu, Europa eta mundu mailako ehun Arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugun gutun baten bidez

Gutxik jakingo dute CSIko ikertzaile nagusia, Gil Grissom, hau da, Wilian Petersen aktorea, Arrasaten bizi izan zela gure kultura ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean. Gainera, antza, bere alaba bati euskal izena jarri omen zion. Deitu eta gonbidatu egin beharko dugu Euskal Herrira bigarren bisitaldi bat egiteko, oraingoan Arabara, Iruña Veleiako misterioa argitzen laguntzeko.

Grissomek Ameriketako Estatu Batuetan zientzia forensea nola hasi zen kontatuko liguke, orain dela mende bat baino gehiago, hilketa bat gertatu zenean, herriko biztanle guztiak ohiko lan tresna zuten aitzurrarekin etortzera deitu zituztenean. Hilketa berehala argitu zuten, errudunaren aitzur gainean eltxoak gelditu gabe zebiltzalako, ikusten ez ziren baina bertan zeuden odol arrasto batzuen gainean.

Gero, bi alde dituen zientzia kriminalistikoaren faseak azalduko lizkiguke. Alde bat proba zientifikoen elaborazioa da, eta hor 5 urrats daude: delitua gertatu den lekua babestea; behatzea; ondo mantentzea; indizioak jasotzea eta, azkenik, indiziook laborategietara bidaltzea azter ditzaten. Beste aldean ikerketa lan osagarria dugu, analisiak bezain garrantzitsua dena, eta hor ekintza deliktiboarekin zerikusia izan duten pertsona guztiak sakonki elkarrizketatzea dago... eta, garrantzitsuena, delitua zergatik egin den aztertzea, hau da, nork atera duen onura argitzea.

Horren ondoren, Grissomek galdetuko liguke ea Arabako Iruñan lan hauek egin diren. Berak aipatutako gauzetatik ia bat ere ez dela egin esan beharko genioke. Lehendabizi, Aldundiaren Batzordean arkeometria alorreko aditu bat bera ere ez zegoela esango genioke, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den zehazten duen jakintza alorrekoa. Hilketa baten ikerketan DNA probak egin litzakeen teknikaririk egongo ez balitz bezala.

Zientzien alorreko kide bakarrak Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta J. Manuel Madariaga kimikaria ziren. Legardak zeramikak erromatar garaikoak zirela baieztatu zuen. Bestetik Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako. Eliseo Gilek argitu zion gaia, Madariagak aurkitutakoa zeramika zatiak lortzeko erabiltzen den kola zelako, ez besterik.

Horren ondoren, Iruñako indusketa eremura Batzordeko aditu bat bera ere ez zela joan esango genioke, Lurmen enpresak azken urteotan egindako lana in situ ondo aztertzera. Ez zutela proba bakar bat ere jaso, ez zutela laborategietara ostraka bakar bat ere bidali, nahiz eta akusatua zen Eliseo Gilek eskatu. Grissomek ez sinesteko moduko aurpegia jarriko liguke, baina Batzordeko inor ez zela indusketako langile guztiekin egon informazioa jasotzeko edo kontraesanetan harrapatzeko ere esango genioke.

Horrez gain, delitua egiteko «mobila» ez dela aztertu esango genioke. Eliseo Gilek agertzen ari ziren pitxar, plater eta abarrekin urte askotarako finantzaketa ziurtatuta zeukan, nahiz eta ostraka bakar bat ere agertu ez. Zergatik arriskuan jarri berak abian jarri zuen indusketa? Faltsifikazioak egiantza izateko egiten dira. Orduan, zer zentzu zeukan ohikoak ez diren hitzak jartzea, ez inoiz ere agertu gabeak? 

Onura atera dutenak argi ikusi da zeintzuk izan diren. Batetik, Julio Nuñez EHUko irakaslea, Eliseo Gil indusketatik kanporatu zuen Batzordeko kidea eta Iruña Veleiako oraingo zuzendaria, nahiz eta hondeamakinarekin sektore oso bat suntsitu duen. Bigarren «onuraduna» Joseba Lakarra da, bere aintzineuskararen teoria irakasten jarrai dezakeelako EHUn, nahiz eta ostraken testuek bere teoria hau ia erabat pikutara bidali duten.

Grissomek, segururenik, errepublika bananera batean gaudela pentsatuko luke. Baina, zentzuz jokatzen duen jendea egon badagoela ikusarazteko, epaileak datazio eskaera onartu duela esango genioke. Nahiz eta, orain arte bederen, gaia ez duen ondo kudeatu. Lehendabizi ikerketa egitea Guardia Zibilari agindu zion, jakinda, EHUn gertatzen den bezala, arkeometria laborategietan dauden tresna bereziak ez dituela. Horregatik datazioak ezin dituztela egin erantzun diote epaileari. Zain jarraitzen dugu hasie- ratik egin behar zena egiteko: ostrakak arkeometria laborategi batera edo bitara bidali, faltsuak ala benetakoak diren jakiteko.

Gobernu aldaketarekin, Kultura Saileko diputatu berria den Iciar Lamarainek gure Batzordearekin egindako bileran, argi esan digu datazioak ez dituela egingo eta epailearen zain egongo dela gai honetan. Urteak eta urteak gai hau argitzeko? Gure herriko justiziak zelan funtzionatzen duen ikusita, Arabako Aldundiko Kultura Sailetik pasatu diren hiru diputatuak ostrakekin ostrukarena egiten ari dira! Non eta 15.000 euro gastatuz eta 10 pieza polemikoenak datatuz, hilabete batean konponduko litzatekeen gai batean!

Gizarteak hiru urte daramatza itxoiten eta ez da ezertxo ere aurreratu gai honetan. Eztabaidak bizirik dirau eta egiazkoak izan daitezkeela esaten duten txosten gehiago argitaratzen jarraitzen dira, une honetan 18ra heldu direlarik. 2.450 orrialdeetan Aldundiaren Batzorderen txosten askotan agertzen ziren «ezinezko» ia guztiak argituta daude. Faltsutasunaren aldeko batzordekideak oraindik ez dira 18 txosten hauetako kontra-argudio horiei erantzuteko gai izan, ezta publikoki gai hau eztabaidatu nahi izan ere. Horrek haien argudioek ze sendotasun maila duten erakusten du.

Hiru urtean zain egon ondoren, gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu, Europa eta mundu mailako 100 Arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugun gutun baten bidez. Norbere herriari buruz atzerrian gaizki hitz egitea gauza tristea da, baina Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Letren Fakultateak beste alde batera begiratzen jarraitzen duten bitartean, beste erremediorik ez daukagu. 

Horrez gain, azaroaren 21ean Aldundian aurkeztutako idazki baten bidez, zera eskatu dugu: ostraka polemikoenak datatzea faltsuak ala egiazkoak diren jakin dezagun; publikoari ostrakak ikusteko aukera ematea, zelan dauden ikus dezagun; eta, azkenik, sektore oso bat hondatzeagatik, Julio Nuñez indusketako zuzendari gisa kentzea eta, egin dituen kalteengatik, bere kontra ekintza penalak aurkezteko aukera aztertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo