GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Estatuaren aitzinean, abertzale

Gazte horiek ikustean, hain tinko euskaldunentzat oso gogorra izaten den eremuan, epaitegian, euskal nortasuna defenditzen, ulertzen dugu hori bera egin behar dugula bakoitzak bere herrian

Datorren urteko hauteskundeak aipagai dira Berdeen eta sozialisten artean. Izan ere, frantses Berdeek alderdi sozialistarekin izugarrizko lerratzeak eta egokitzeak egin dituzte. Lerratzeak indar nuklearraren inguruan iragan dira, berdeen oinarrizko osagaia!

Zonbait egunez berdeen hautagaia hedabide guztietatik desagertua zen, bere alderdiak ematen zuen itxurarengatik lotsatua, dudarik gabe. Gorabehera horiek direla-eta, gure konfiantza alderdien baitan emateari nahiko arrisku ikusten dizkiogu!

Azken asteetan Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen elkartzeko bideak irekitzen zirela uste genuen. Izan ere, urrats oso baikorrak ikusi genituen Aieteko Konferentziaren ondotik. Baina agertzen zaigu hau ez dela oraindik argi!

Hauteskundeak dira, berriz ere auziaren erdian. Ordezkaririk lortzeko aukerarik ez delarik, frantses Parlamenturako hauteskundeak aipatzen hasten dira, frantses alderdi batekiko, berdeekiko, koalizioari garrantzia handiagoa emanez. Berriz ere, lerro politikoa ez dutelarik finkatzen, hauteskundeen karietara egin nahi diren akordioek trabatzen dute abertzaleen kokapen politikoa. Berdeek berek arazoak dituzte alderdi sozialistari beren aldarrikapenen inposatzeko; hortaz, nola defendituko dituzte gure aldarrikapenak? Frantses sozialistek ba al dute solasik frantses Estatuan gauden abertzaleentzat? Urratsen egiteko gai al dira gurekin politikaz hitz egiteko? Solas zuzena behar dugu sozialistekin, gure geroaren subjektua gara. Horretarako, proiektu abertzalea lehenetsi behar dugu eta proiektu horretan kokatu indarrak.

Azaroaren 24a. Manifestaldi bat Pariseko Auzitegiaren aitzinean. Hurbildu gara zer gertatzen den jakiteko, pentsatu dugu euskaldunak zitezkeela. Zientologoak ziren... Alta, euskaldunak hunkitzen zituzten bi gertakari prestatzen ziren Auzitegian. Arratsalde horretan lau gazte bizkaitar epaitu behar zituzten; epaileen hitzek garrantzia berezia izanen zuten bake prozesuaren hastapen honetan. Beste hiru euskaldunek iragandako epaiaren erantzuna jakin behar zuten. Herritik bederatziehun kilometrotan, baldintzak ez dira presoendako hoberenak... Agertu direlarik, denek irria eskaini digute. Garai berria aipatu dute. Ondoko egunetan jakinen dugu frantses Estatuak gatazkari buruz jarrera berria hartzen duenez!

Bestalde, hiru bizkaitarrek beren epaiaren erantzuna goaitatzen zuten. Gela bete-betea zegoen. Preso bakarrak, euskaldunak; haien artean emazte bat. Minutu soil batzuk epaiaren irakurketaren entzuteko; haiekin bi solas egiten utzi digute. Presoendako, erabaki garrantzitsuak ziren, urteak ziren aipatzen, terrorismo hitza askotan aipatu baitu epaileak, beldurra sortzen duten hitzak erabiltzeko ohitura baitute. Minutu labur batzuk eta berehala eraman dituzte. Egun oso bat, epaitegiko kalabozoetan, bost minutuko irakurketarako.

Gazte horiek ikustean, hain tinko euskaldunentzat oso gogorra izaten den eremuan, epaitegian, euskal nortasuna defenditzen, ulertzen dugu hori bera egin behar dugula bakoitzak bere herrian, ausardia eta finezia berarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo