Ipar Euskal Herriak hegoaldearekin harremana estutzeko berezko instituzioa ezinbestekoa ote du?
Horratx Autonomia Eraikik Baionan antolatu foroko azken eztabaidan pausatutako galdera mamitsua. Hizlari guztiak hautetsi abertzaleak izaki, inork ez zuen zalantzan jarri Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzeko, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak aitorpen instituzional baten premia dutela. Alta, gai horri heltzen zaiolarik sarritan agertzen den koska mahaigaineratu zen beste behin ere: eta bitartean, zer?
Arantxa MANTEROLA
Donostiako auzapez Juan Karlos Izagirrek, Biarritzeko hautetsi Jakes Abeberrik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarolak, Berako auzapezorde Jon Abrilek eta Urruñako zinegotzi Filipe Aramendik argi utzi zuten Ipar Euskal Herriak erreferente instituzional bat izateko, derrigorrezkoa duela berezko marko juridiko-politikoa izatea. Marko horrek nolakoa izan beharko lukeen ez zuten askorik sakondu. Egindako aipamen bakanek agerian utzi zuten «autonomia» -aukeretako bat- ulertzeko garaian irakurketa bateraturik ez zutela.
Abeberri zehaztasunik eza horretan babestu zen, «garrantzitsuena existitzea» dela eta legeria frantsesak ahalbidetzen duen erakunde bat eskuratzetik hasi beharko litzatekeela esanez. Bere alderdikide (AB) Aramendik zehaztasun handiagoz mintzatu zen «berariazko lurralde elkargoa» izendatu zuen aukeraz. Bertako herritarrek hautatutako ordezkariak eta ahalmen zabalak -lurraldeen arteko harremanak izatekoa barne- izan beharko lituzke aukera horrek.
Hego Euskal Herriko hautetsietatik soilik Izagirrek egin zuen aipu argia autonomiari buruz. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat estatus egokitzat jo zuen, beti ere «Euskal Herri batua osatzeko bidean, urrats garrantzitsua, baina urrats bat» dela iritzita. Bera izan zen harremanak lantzeko moduan ikuspegi nazionala gehien azpimarratu zuena, «proiektu estrategiko baten barnean» kokatuz edo Udalbiltzaren gisako egiturak birsortzeko eta Hegoaldeko zein Iparraldeko instituzioen artean harremanak «normalak eta naturalak» bihurtzeko engaiamendua azalduz.
Zerbait iraunkorragoa
Alderdi horien gainean ezer gutxi sakondu bazuten ere, era batera edo bestera, sarri agertu zen puntu hau: egun, mugaren alde bateko eta besteko erakundeen artean harremanak betikotzea ez dela posible; harreman hori, unean uneko agintarien borondate edo borondate ezaren araberakoa izanik, ez baita egonkorra; eta, ondorioz, sendo edo iraunkorragoa izango den zerbait eratzeko premia dagoela.
Filosofia pragmatismoarekin uztartuta, Abrilek eta Txarolak etsenplu zehatzen bidea hartu zuten. Biek ala biek egun dauden aukerak profitatu behar direla adierazi zuten. Aralarreko hautetsiak herriko etxeen eremuari heldu zion bereziki. Berako eta Urruñako udalen artean egindako elkarlan batzuk adibide gisa jarrita, administrazio publikoen arteko harremanak gizarte zibilekoak baino zailagoak direla esan zuen, oztopoak oztopo bide hori jorratu behar dela argi utziz.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak honakoak aipatu zituen: Baiona-Donostia Eurohiria; Hegoaldean ia aintzat hartzen ez den Biarritzeko aireportuaren eskaintza; hainbat kiroletan Euskal Selekzioak benetan nazionalak izaten saiatzea; EHUk Ipar Euskal Herrian fakultateren bat bultzatzeko aukera; eta «topoa» Hendaiaraino baino Baionaraino iristearen egokitasuna.
Azken kontu hori etengabe agertzen da azken urteotan, «mugaz gaindiko» harremanak sendotzeaz hitz egiten delarik. Abeberrik berak gogorarazi zuen badirela ia 30 urte, Eurohiriaren proiektua abiatu zenean, gai hori mahai gainean dagoela: «Egun, Gipuzkoan dagoen indar-harreman politikoa kontuan hartuta, guk gure aldetik aspaldiko egitasmo hori gauzatzea lortuko bagenu, zeinu izugarria litzateke jendarteari begira, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean gauza asko egitea posible dela bistaratuko litzatekeelako».
Zer egin dezake hegoaldeak?
Galderen txandan, Ipar Euskal Herriari bere instituzioa lortzeko Hego Euskal Herriak zertan lagun diezaiokeen atera zen. Abeberriren iritziko, ez litzateke «egokia» hegoaldekoak debate horretan sartzea, Ipar Euskal Herriko jende askok ez lukeelako onartuko. Aldiz, «horien eredu eta dinamismoa» ekarpen itzela izan litekeela aitortu zuen.
Txarola eta Izagirre, ordea, ez ziren erabat iritzi berekoak. Abertzaleak izaki, eta «gatazkak Euskal Herri osoa ukitzen duenez», beren esanetan, denen artean adostu beharko litzateke gatazka behin betiko gainditzeko zer egin, «baita Parisi begira ere».
Amaieran, Autonomia Eraikiko kide Xan Koxkaratek irakurri zuen agiriak Ipar Euskal Herriarentzat autonomiaren ezinbestekotasuna nabarmentzen zuen eta «Parisen aitzinean indar harreman azkarra» osatzera deitu zuen, «autonomia Euskal Herriaren eraikuntzarako bide bat baino ez» dela esanda.
Estatu frantsesak eta espainolak «mugaz gaindiko» harremanak sendotzeko sinatutako Baionako Itunaren ondotik, hainbat erakunde sortu dira.
Autonomia Eraiki kolektiboak antolatzen dituen foroetan, kanpoko ereduak aztertu ohi dituzte. Hala, aurtengoan 26.000 biztanle besterik ez dituen Aland uharteetako estatutu berezia hizpide izan zuten lehen egunean, besteren artean, hango gobernukide Elisabeth Nauclerrek parte hartu zuelarik.
Larunbateko lehen eztabaidak ere interes handia piztu zuen. Lurraldeari, biztanleei eta lekuko instituzioei lotutako eskumen osoko unibertsitateak ekar lezakeen garapena aztertu zuten. Korsikako Cortiko Unibertsitateko lehendakari Antoine Aielloren azalpenak unibertsitatearen eskakizunarentzat argigarriak izan ziren oso. A.M.