Euskara indartuko duen hizkuntza politikaz hausnarketa egin du Bilduk
Koalizioko ehun hautetsi baino gehiago elkartu ziren larunbatean Arrasaten, euskararen arloan ardatz nagusiak eta «berehalako neurriak» zehazteko. Bilduren apustua euskara menpekotasunetik ateratzea da, bertakoa lehentasunezko hizkuntza izan dadin.
GARA | DONOSTIA
Hizkuntza politikaren ardatz nagusiak aztertu eta «Euskal Herri euskaldunaren hizkuntza politikaren barruan berehalako neurriak» hartzeko, Bilduk Euskara Mintegia egin zuen larunbatean Arrasaten. Horretarako, bertan izan ziren 60 herri baino gehiagoko ehun hautetsitik gora. Saioa Villanueva Sopelako alkateak adierazi zuen bezala, lehentasunezkoa da Euskal Herrian «guztiok euskara erabiltzeko dugun eskubide pertsonala bermatzea», beti ere «hizkuntza eskubide kolektiboak ziurtatuz».
Udalerrietako euskara zinegotzien artean elkarlana sustatuta, hainbat dira arlo honetan Bilduk eskuratu nahi dituen helburuak. Batetik, eta Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoa aintzat hartuta, euskararentzat «atzera bueltarik ez duen ibilbide oparoa» zehaztea da. Izan ere, hautetsiek batzarrean azaldutakoaren arabera, «aldaketa politikoa euskaratik eta euskaraz» egitea ezinbestekoa da.
Bigarren xedea udalerrietan euskara planak egitea da. Lehendabizi herri tipologia zehaztuko litzateke, horren ondoren bakoitzaren lehentasunak zeintzuk diren finkatzeko. Horren baitan, erakundeei dagokienez, «tipologia bakoitzerako egokitutako euskararen ordenantzaren aukera ere baliatzea» aurreikusi zuten ordezkariek.
Halaber, dagoeneko euskara planak eta euskararen ordenantzak dauden udalerrietan, horien ibilbidea eta eraginkortasuna aztertu beharko lirateke, betearazteko konpromisoa berretsiz. Gainera, euskara planak betetzen direla ziurtatzeko, Euskara Batzordeak jarraipena egitea iradoki zuten.
Villanuevaren esanetan, «normalizazio osoranzko urratsak egiteko baldintza soziolinguistikoak egon badaude, horregatik, helburu horren alde lan egiteko prest gaudenon indarrak bildu eta antolatu beharra dugu».
Menpeko egoeratik jauzi egin
Helburuak finkatuta, koalizioak azpimarratu zuen legealdi hau baliatu beharra dagoela «euskarak aurrera egin dezan». Une egokia dela baieztatu zuten, eta ohartarazi zuten testuinguruak, alegia, Estatu espainolak eta frantsesak, Europar Batasunaren politikaz babestuta, «euskararen herria ito» egiten duela. Apustua beraz, euskara menpeko eta erdara nagusi den elebitasun egoera gainditu eta euskara lehentasunezko bihurtzea da, «erdarazko elebitasunetik euskarazko elebitasunera» jauzi egitea.
Zentzu honetan, erantsi zuten euskaraz bizitzea «denontzat ona» dela eta horrek ez dituela beste hizkuntzak arriskuan jartzen: «Euskara beharrezko osagaia da Europako hizkuntza aniztasuna bermatzeko».
«Beharrezkoa da euskararen hizkuntz komunitate txikituaren irudia duintzea», ondorioztatu zuten Arrasaten. Beharrezkoa batetik, euskal harrotasunaren oreka doitzeko eta, bestetik, euskaldunek erdarara jotzea saihesteko.